Santa Ana eguna Astigarraga eta inguruko herrietako jendearentzat egun berezia dela esan daiteke. Batetik, sagardogileek beren gustuko sagardoa eramaten dutelako, badakite beren lagunekin, herritarrekin eta nola ez beste sagardogileekin batera dastatuko dutela; eta bestetik, herritarrek badakite sagardo onak edatera datozela, dastatzeko eta sagardoaren inguruan eztabaidatzeko eguna delako. Edaten ari diren taldetxo guztiek sagardorik hoberena zein den irizten diote egun horretan.

40 urte hauetan, hainbat elkartetako jende ugarik hartu du parte Santa Ana eguneko Sagardo Egunaren antolaketan; hasieran Astigar Elkartekoek, gero Zipotza Elkartekoek, orain Sagardun Partzuergokoek. Azken batean beti herritarrak dira sagardoaren kultura bizitzen dutenak eta ezagutzera emateko prest daudenak.

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, uztailaren 26an, Santa Ana eguna, 40. Sagardo Eguna ospatuko da Astigarragan.

1976. urteaz geroztik ospatzen den Astigarragako Sagardo Egun hau, Euskal Herria osoan zehar ospatzen diren guztien artean zaharrena da eta aurten 40 urte beteko ditu. Bertan, Astigarraga eta inguruko hogei bat sagardogileek 2.000 sagardo botila eskainiko dizkiete bisitariei.

Honetaz gain, ekintza eta jarduera bereziak izango dira Sagardo Egunaren 40 urteak ospatzeko:

12:00etan ekitaldi berezia ospatuko da Udaletxean. Bertan, Astigarragako alkatea den Jesus Maria Santos eta garai batean Sagardo Egunaren antolatzaileak izan ziren Astigar taldeko kideak elkartuko dira.

Ondoren, Sagardo Egunaren 40. urteurreneko argazkia aterako da sagardogile eta herriko kultur taldeekin batera.

40 urteetako ibilbidea biltzen duen argitalpen berezia

Honetaz gain, Sagardo Egunaren 40 urteak ospatzeko argitalpen berezi bat prestatu du Sagardoaren Lurraldeak. Bertan, 1976. urteaz geroztik eta gaur egunera arte Sagardo Egunak izan duen bilakaera kontatzen da eta garai bateko argazki zaharrak berreskuratu dira herriko ondare hau zabaltzeko.