Bereziartuaren arrakasta Alemanian

Hilabete hauetan sagardogileak hilabete gutxi barru sagardotegietan dastatu eta gozatuko ditugun sagardo berrien prestaketan murgildurik daude. 2015ko txotx denboraldi arrakastatsu baten ondoren, sagardoaren zaletuek gure gastronomian hain preziatua den edari horrekin gozatzen jarraitzeko aukera eta zortea izan dugu, botiletan hori bai.

Baina sagardoa hasi da gure mugak gainditzen eta atzerriko herrialdeetako eztarriak bustitzen, non eguna joan eta eguna etorri geroz eta jarraitzaile gehiago dituen. Bertako edari izatetik, nazioarteko edari izatera pasatzen ari da, non atzerritarrak dastatzera eta gozatzera ohitzen hasiak diren, txotx denboralditik haratago.

2015 honetako maiatzean Bereziartua sagardoak nazioarteko txapelketetan eskuratutako bi sariren berri eman genizuen:

1.- Pomme D’or de Frankfurt: lehiaketa honetan Bereziartua eta Bereziartua Gourmet sagardoak sagarrarekin egindako sagardoaren mailan izan ziren sarituak.

2.- Great Lakes International Cider and Perry Competition (GLINTCAP): lehiaketa honetan Bereziartua sagardoa Espainiako sagardoaren mailan aurkeztu zen (Euskal Herria eta Asturias) eta aurkeztu zirenen artean urrezko domina eskuratu zuen bakarra izan zen. Aipatzekoa da ekitaldian banatu ziren 168 dominetatik 8 bakarrik izan zirela urrezkoak. Bereziartuak lortutako balentria ez zela edonolakoa izan erakusten duena.

Hori ez da gure sagardoa gure mugetatik kanpo hartzen ari den garrantziaren islada besterik, lortzen ari den oihartzunaren adierazgarri txiki bat.

Azken egun hauetan ere albiste bikainak jaso ditugu Alemaniatik, non ardoen inguruan espezializaturiko Falstaff aldizkariak Bereziartua sagardoa europar sagardo onenen artean kokatu du, gure sagardoaren ordezkari gisa hautatua izan da eta 89 puntu lortzen ditu, aldizkariaren aldetik puntuazio altuen jasotzen duen seigarren sagardoa delarik.

Aipamen honek ez du Bereziartua sendiak egiten duen lan bikaina goraipatzen bakarrik, baita urtetan sagardo onaren alde egindako apustua bultzatu eta indartu ere egiten du, argi utziz Astigarragan egiten duten sagardoa maila bikainekoa dela. Lerro hauek baliatuko ditugu Bereziartua familia zoriontzeko lortutako lorpen guztiengatik.