Bodega Donostiarra: sukaldaritza historia

Badira lekuak gure hirian ostalaritzaren historia bizia direnak, gure gastronomiaren historia, urteen joan etorria ikusi eta bizi arren, hor jarraitzen dute, berritzen, aro berrietara moldatzen, moda berrietara, baina euren filosofia eta tradizioari fidelak izaten jarraitzen dutenak.

Horren eredu argi da Bodega Donostiarra. 1928. urte arte egin behar dugu atzera Suso familiak martxan jarritako 10 Bodega Donostiarrak lehen urratsak ematen ikusteko. Ardoak banatzeko lekuak ziren, non ardoa saltzeaz gain, jendeak euren fianbrerak etxetik ekarri eta ardo dastatzea etxeko janariarekin laguntzeko aukera zuen.

Gros auzoan aurkitzen dugu egun zutik jarraitzen duen Bodega Donostiarra, Peña y Goñi kalean zehazki, lehen ardo denda zenaren alboan, eta egungo DOnostiako sukaldaritzaren erreferentzietako bat dena.

30 urtetan izan zuten tabernaren ardura Miguel Mendinueta eta Pili Mintegik, zeintzuek pixkanaka-pixkanaka eta lan asko eginez, Bodega Donostiarra gure gastronmiaren erreferentzietako bat bihurtzea lortu zuten, bere betiko pintxoei esker bisitatu beharreko leku bilakatuz.

Urte eta erdi itxita egon ondoren 2009ko maiatzean Donostiako jatetxe eta taberna historiko horrek ibilbide berri bati ekin zion Miguel Montorioren eskutik, zein bere anai-arrebekin batera Cafe de Marion hamar urte pasa ondoren, Bodega Donostiarraren ardura hartu zuen ideia oso argi batekin buruan: tabernaren izaera mantentzea, bere betiko sukaldaritza filosofia mantendu, baina beti eguneratuz eta gure garaietara ekarriz.

Sukaldaritza donostiarra, non pintxoak diren protagonista nagusi, donostiar sukaldaritzaren erreferentzia izan diren, diren eta izango diren betiko pintxoak, bizi osoan dastatu ditugunak, hori da Bodega Donostiarrean aurkituko duguna, horietariko gehienak momentuan prestatuak. Bertan sukaldea zabalik izango dugu goizeko 9:30tatik, gau erdi arte.

Dastatu gabe utzi ezin daitekeen pintxo bat badago eta erreferentzia nagusi dena hori “osoa” da. Hegaluze, antxoa eta pipar ogitarteko horrek mugak gainditu ditu eta donostiarron errezeta liburuan ondo itzaltua geratu da. Ogitarteko goxo eta bikain horrekin batera pintxoen artean izarrak dira: momentuan eginiko tortila; errusiar entsalada; gilda; Indurain; arrautza, mahonesa, ganba eta azeituna pintxoa; eta arrautza eta patata plataforma hegaluzea eta antxoa edo urdaiazpikoa eraman ditzakeena.

Aipatutakoetaz gain Bodega Donostiarrean momentuan mozturiko urdaiazpiko, rokefort eta antxoa, sardinatxo, fuet iberiko edo Palacios txorizo gozo edo mineko ogitarteko txikiak jan ditzakegu; edota haragia tomatearekin, tripaki eta muturrak eta arrautzeztaturiko legatza freskoa bezalako pintxo beroak.

Astean zehar eguneko platerra eskeintzen dute: astelehenetan untxia sugarretan all i oliarekin; asteartetan, urtaroaren arabera, bakailaoa ajoarriero eran, marmitakoa edo babarrunak; asteazkenetan barazki menestra; ostegunetan arroza sugarretan eginiko begihandiarekin; ostiraletan merkatuaren arabera aldatzen doan arrain platerra; eta larunbatetan arkume (16,50€) edo txerrikume (18,50€) errea.

Eta pintxoekin gozatzeaz gain jantokian eseri eta kartako proposamenen artean aukeratzea erabakitzen badugu lehen platerren artean ditugu tomate entsalada osoa, hegaluzea, piparrak eta tipulinarekin, non urtaroaren arabera tomate mota ezberdinak dastatzeko aukera izango dugu, aro bakoitzean egokiena. Gainera, entsalada donostiarra antxoa, bokeroi, sardinatxo, hegaluze eta olagarroarekin; eta txitxiburruntziak, entrekota, oilaskoa edo otarrainxka eta olagarroarena izan daitezkeenak. Bigarren platerren artean aipagarrienak legatza, arrautzeztatua edota sugarretan, olagarroa, oilasko hegaltxoak sugarretan, azpizuna edo kiloko txuleta.

Donostiako gastronomiaren historiari eginiko sukaldaritza omenaldia amaitzeko eskaintzen dizkiguten etxeko azkenburuetako edozein hautatu dezakegu. Guztien artean aipagarriena amonaren ogi torradak, antzina bezala eginak eta betiko errezeta jarraituz prestatuak. Torradarekin batera eguneko tarta, browniea, mamia, arrozesnea eta mozteko izozkia.

Gure gastronomiaren historia bizia, Donostiako sukaldaritza historiaren islada, betiko pintxoen egungo erreferentzia, peregrinazio eta bisitatu beharreko lekua gastronomia onaren zaletu ororentzat. Hori dugu Bodega Donostiarra. On egin!

Izena: Bodega Donostiarra

Helbidea: Peña y Goñi 13 bajo (Donostia)

Telefonoa: 943011380

Itxi: Igandea

Jantokia: Bat 20 pertsonentzat / Bat tabernan 20 pertsonentzat / Bat terrazan 20 pertsonentzat

Salneurria: Karta 20€ / Eguneko platerra 9€