Casa Trabanco: Asturiaseko sagardo maitea

Hemen txotx bezala ezagutzen duguna, Asturiasen espitxa bezala ezagutzen dute, non pasio handiarekin bizi duten ere sagardoaren mundua, sagardoaren paradisua dugu, non, gure herri honetan bezalaxe, kultua egiten dioten sagarretatik lortzen dugun edari freskagarri honi.

Lavandera, Asturias, ingurune pribilejiatu batean kokatua dagoen herria, sagarrondoz, belardiz inguratua, itsasoarekiko eta mendiekiko ikuspegi eder eta zoragarriarekin. Naturaz, bertako basoez, gozatzeko leku aparta. Lasaitasuna eta erosotasuna arnasten den ingurunea, leku aparta Asturiaseko betiko sukaldaritza eta sagardogintza ezagutzeko.

Asturiaseko herri honetan dago kokatua Casa Trabanco, bertako sagardoaren ohitura eta kultura gertutik ezagutzeko aukera eskaini digun jatetxe-sagardotegia. Casa Trabancok 1983an zabaldu zituen ateak Samuel Menéndez Trabanco eta Toñi Olmoren eskutik, zeintzuek ostalaritzaren munduan sartzea erabaki zuten, Samuelek, bere osabarekin batera, sagardogile bidea hastearekin batera.

Euren abentura hasi zuten sukaldean inolako esperientziarik izan gabe, soilik euren amonarengandik jasotako sukaldeko sekretuak ezagutzen zituzten (zer litzateke sukaldaritza emakumerik gabe?). Horregatik erabaki zuten gipuzkoar sagardogileei laguntza eskatzea eta hortik abiatzen dira menu bat eskaintzen bakailao tako, eta parrilan erretako arrain eta haragiak oinarri dituena. Egun Yolanda da jatetxearen eta sukaldearen ardura daramana, bere ahizpa Eva upategian aitarekin batera lanean dagoen bitartean.

Casa Trabanco bisitatzen duzuenean espitxekiko apostua egitea gomendatzen dizuegu. Hau izango genuke gure sagardotegietako menuen baliokidea. Bi espitxa mota eskaintzen dizkigute, bata tradizionala non Asturiaseko betiko sukaldaritzaren plater esanguratsuenekin gozatzeko aukera izango dugun, eta bestea, estilo eta joerak nahasten dituena, hori guztia kupeletik zuzenean espitxatutako sagardoarekin bustita.

Betiko espitxan dastatuko ditugu “bollinos preñaos”; arrautza egosiak; lakon egosia katxeloekin; patata, bakailao eta txorizo tortila; txorizoak sagardotan; etxeko haragi enpanada; oilaskoa baratxuriarekin; Asturiaseko gazta sorta etxean eginiko sagar gozo eta fruitu lehorrekin; etxeko kroketa sorta; eta gainerretako arrozesne kazolatxoa.

Bien bitartean, Koktel motako espitxan eskaintzen dizkiguten platerren artean ditugu: Asturiaseko gazten aukeraketa sagar gozo eta fruitu lehorrekin; bakailao tortila; cecina mantxako gazta biruta eta oliba olioarekin; kalabazin eta gazta krema kanutiloa antxoarekin; tomate gozoaren konfitadun ogi txigortua antxoa eta tipulinarekin; txibiak tenpuran txitxiburduntzia zigalatxoen saltsarekin; fabada krema kopatxoa bere konpango eta txorizo olioarekin; bildutako kolen txitxiburduntzia urdaiazpiko iberiko kurruskarian bilduta; ogi kurruskaria sagar konpota, eztiarekin urtutako ahuntz gazta eta pinaziak; gaztain krema goilaratxoa, txorizo olio, ur eta ogi finarekin; gazta krema kopatxoa mango eta grillé kanutiloarekin; eta sagar erre izozkia.

Espitxez gain asturiar betiko sukaldaritza bikain bat dastatzeko aukera izango dugu jantokian, inguruko eta denboraldiko lehengai onenekin pretatua. Baratze propioa dute, nondik ateratzen dituzten gero mahaian dastatu eta gozatuko ditugun produktuetako asko, fabeak adibidez. Konpangoa (odolkia, txorizoa, etab.) etxean egiten dute ere, ogia bezala, eurek ekoizten duten artoarekin egina.

Bi dira kartako izarrak, bakailaoa takotan eta txuleta, duela 31 urte hemendik Asturiasera eramandakoak, eta urte hauetan guztietan zehar ezinbestekoak bihurtu direnak, fabada bezala asturiar kazolakada handiekin batera.

Casa Trabancok aukera paregabea eskaintzen digu gertutik ezagutzeko Asturiaseko sagardo ohitura eta bertako sukaldaritzako plater onenak dastatzekoa. Asturiaseko ingurune hori bisitatzen ari bazarete Lavandera herriraino gerturatu merezi du eta. Txotx! On egin!

Izena: Casa Trabanco

Helbidea: Ctra de Lavandera 3255 (Gijon-Asturias)

Telefonoa: 985136462

Itxi: Astelehen gaua / Igande gaua neguan

Jantokia: Bat 100 pertsonentzat / Lagar bat 150 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 9€ / Karta 25-35€ / Karta Picar&Compartir 24€ / Compartir&Saborear 28€ / Sidras&Maridaje 32€ /
Espicha tradizionala 26€ / Espicha koktel 50€