Danako Jatetxea: izaera gastronomikoa

Danakoko 2007. urteko urtarrilaren 29an zabaldu zituen ateak, David Rodriguez eta bere bikote Naiara Abandoren eskutik. Davidek ibilbide luze eta oparoa du sukaldaritzaren munduan. Gipuzkoako sukaldari garrantzitsuenekin lanean aritu ostean, Martin Berasategi eta Andoni Luis Aduriz horien artean, Bidasoaldeko haibat jatetxetan aritu zen, Danakon bere ibilbide propioa hasi zuen arte. Naiarak ere esperientzia luzea du zerbitzatzen. Hondarribiako Medievo jatetxean hasi zen lanean, bertatik eta hainbat kafetegi irundarretan aritu ostean, San Martzial ermitara iritsi zen, bertatik jaisteko Danakora Davidekin batera.

Jatetxearen sukaldeko eskaintzari buruz azpimarratu beharko genuke hiru sukaldaritza dastatzeko aukera ematen digula: pintxoarena, eguneko menuarena eta kartarena.

2010. urtean Mugan saria irabazi zuenetik, Danakok bere tokia hartu du pintxoaren munduan. 2012an Gipuzkoako pintxo leihaketa irabazi zuen, Euskal Herriko finalista izan zen eta Espainiako txapelketan parte hartu zuen “Lady Cherry” pintxoari esker (antxoa marinatua gerezi esferekin). 2013an Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuen “marrubiak natarekin” pintxoarekin (pikilo marrubiak bakailao kokotxaz beteak, alioli apar eta piper meremelada siropearekin). Danakoko beste intxo esanguratsu bat dugu: belarria plantxan foie biruta eta arto hautsarekin. Ostiraletan Pintxopotearekin, asteburutan Pintxococktailarekin (pintxoa+koktel berezia), eta gauetan Pintxogoxoarekin (kafea+pintxo gozoa), gozatzeko aukera eskaintzen digute, beraz ez dago aitzakiarik Danakoko pintxoak ez dastatzeko.

Eguneko menuan eta kartan euskal sukaldaritza tradizional bat dastatzeko aukera izango dugu, non Davidek bere ikutu propioa ematen dion plater bakoitzari, plater bakoitzak izan dezan izaera berezia, aurkezpenetik hasita. Aipatzekoa da eguneko menua egunero berritzen dutela, merkatura egokituz.

Kartan murgilduz gero, sarrerakoetan dastatzeko aukera izango ditugu barazkitxoen tenpura eta otarrainxka entsalada epela; ontto pancerottia 62ºC egositako arrautza eta foierekin; hirugihar eta ziazerba rissotoa, ogi haritan bildutako otarrainxkarekin; muskuilu galiziarra etxean egindako tomate saltsa min eta alioli aparrarekin.

Arrainen artean aurkituko ditugu: bieirak plantxan azafrai gozoki eta barazkitxoekin; txipiroiak plantxan ontto ravioli eta tomate chutneyarekin; legatz kokotxak pil-pilean; eta merkatuko arrainak, erreboil basatia kasu.

Haragien eskaintzari dagokionez azpimarratu beharko ditugu tenperatura baxuan konfitaturiko txerrikumea perrexil alioliarekin; azpizuna “papas arrugás” eta “mojo picón-ekin”; idi isatsa Arabar-Errioxako ardotan gisatua; eta txerri iberiko masailak karamelizaturiko pinarekin.

Azkenburukoekin emango diogu amaiera esperientzia gastronomiko ezin hobe bati, horien artean ditugu: txokolatezko fondanta; mami ketu moussea sagar sorbete eta sagardo eztiarekin; fruitu-lehorren teila hostorea txokolate zuri trufarekin.

Gastronomia onari egingo diogun omenaldi hau, ardo-kartan aurkituko dugun edozein ardorekin lagundu dezakegu, denak bikainak eta Espainiako Jatorrizko Izendapen askotakoak. Karta osatzeko orduan, Comercial Satrustegiren laguntza izan dute.

Lerro hauek baliatu nahi ditugu David eta Naiara zoriontzeko, laster guraso izango baitira. Espero dugu jaio berriaz, guk beraien gastronomiarekin gozaten dugun haina gozatzea. Zorionak! On egin!

Izena: Danako Jatetxea

Helbidea: Plaza Anzaran 14 (Irun)

Telefonoa: 943118924

Itxi: Asteazkena eta igandetik-ostegunerarteko gauak

Jantokia: 1 40 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 12,50€ / Asteburuko menua 25€ / Karta 40-45€