Dastatu elkartasunaren Zaporeak

Iragan ostiralean, abenduak 12, goizean aurkeztu zuten Intxaurrondotik Wukrora eta Hernani Wukrorekin elkarteek Zaporeak Proiektua Donostiako Villa Yeyetten. Bertan bildu ziren Angel Olaran, Wukron lanean dabilen aita zuri hernaniarra; Jesus Maria Jalon, Intxaurrondotik Wukrora Elkarteko lehendakaria; Oihane Sanz, Hernani Wukrorekin elkarteko kidea; eta Oraitz Garcia, Intxaurrondotik Wukrora elkarteko bozeramailea.

Angel Olaranek eskerrak eman zituen proiektu hau martxan jartzeagatik. Azpimarratu zuen, Tigrayko eskualdeko agintari zibil eta politikoen oniritzia duen proiektua ere badela, batez ere, Saint Mary Eskolak eskualdean duen famarengatik, erreferentzia baita inguruan ematen duen kalitatezko hezkuntzarengatik. Gaineratu zuen, Zaporeak Proiektua martxan jartzearekin batera, sukaldaritza eta gastronomian gazteak hezteaz gain, Wukro eta Tigray eskualdeko biztanleriarengan ere eragina izango duela, batipat, izaten dituzten uzta urrietatik lortutako elikagaien iraupena luzatuz kontserbazio metodoak erabiltzen ikasiz.

Oihane Sanz izan zen hurrengoa hitza hartzen, aipatu zuen proiektua ezagutu zutenetik Hernani Wukrorekin elkartea beti egon dela laguntzeko prest eta elkarlanean ari dira Intxaurrondotik Wukrora elkartearekin proiektua martxan jarri eta aurrera ateratzeko. Datu garrantzitsua ere eman zuen, hainbat pertsonek dagoeneko 25.000€ eman dituztela Zaporeak Proiekturako.

Azkenik, Oraitz Garciak proiektuaren lerro nagusiak azaldu zituen. Tigray Eskualdea elikatzeko segurtasuna eza kronikoa bizi duen ingurunea da, familien %10,9k soilik lortzen dute familiaren nutrizio beharrak asetzeko beharrezkoa den produkzioa, egoera horrek bultzatu zuen Zaporeak Proiektua martxan jartzea. Horretarako, ezin bidelagun hobea izan, Angel Olaran, zeinek 1995ean martxan jarri zuen Saint Mary Eskola, egun eskualdeko lanbide heziketako erreferentzia zentrua dena.

Proiektuaren bitartez biztanleriak duen nutrizio eta elikatze osasungarri baten inguruko ezjakintasuna, ekipamendu egokiaren falta eta elikagaien biltegiratze eta prozesatze tekniken inguruko nozioen faltari buelta eman nahi zaio, horretaz gain, eskualdearen garapenean eta hazkunde ekonomiko eta industrialean lagundu nahi da, baita ekintza turistikoen garapenean ere.

Bide horretan, lau izango dira Zaporeak Proiektuak bultzatuko dituen ekintzak: Angel Olaranen Misioko sukaldea egoki eta hornitzea, Saint Mary Eskola eta eraikitzen ari den Lodgeko sukaldea hornitu eta egokitzea, Ostalaritza eta Gastronomia Eskola martxan jartzea, eta nekazaritza elikagaien arloan industria edo merkataritza jarduera bat martxan jartzea.

Proiektua finantzatzeko hainbat bide ireki dituzte Intxaurrondotik Wukrora eta Hernani Wukrorekin Elkarteek. Lehena irailaren 13an ospatu zen Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) festa arrakastatsua izan zen. Bigarrena, San Tomas egunean, Gipuzkoa Plazan Euskal Herriko Txistorra Txapelketa jokatzen den postuan biltzen den diru guztia Zaporeak Proiektura bideratuko du Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak.

Hortik aurrera, datorren astean jarriko dute martxan Crowfunding kanpaina lanzanos.org plataformaren bitartez. Helburua, 10.000€ biltzea. Bide horretan egun gutxi batzuk barru jarriko dute martxan proiektuaren webgunea (www.zaporeak-sabores.com), non materiala erosteko aukera izatez gain, bazkide eta boluntarioen kanpaina martxan ere jarriko duten, jendea behar baitute proiektuan lagundu eta ekimenetan parte hartzeko prest dagoena.

Azkenik, maiatzean osatuko dute euren hirugarren elkartasun ekintza. Etiopiako hiriburua den Addis Abeba eta Wukro banatzen dituzten 900 kilometroak bizikletaz egingo dituzte. Aurretik, kanpaina bat jarriko dute martxan, jendeak kilometroak eros ditzan Zaporeak Proiektua babesteko.