Gaztelumendi Antxon: miniaturan maisu

Ez al zaizue inoiz pasa taberna edo jatetxe baten aurretik pasa eta pentsatu egunen batean sartu behar dut eta eguna joan eta eguna etorri, behin baino gehiagotan paretik pasa eta sartu gabe jarraitzea? Hori gertatzen zitzaidan neri Irunera joan, erdigunetik paseoan ibili eta Gaztelumendi Antxon jatetxearen aurretik pasatzen nintzen bakoitzean. Aste honetan azkenean lortu dut tabernako atea gurutzatu eta San Juan Plazan kokatua dagoen jatetxeari buruz entzundako gauza on guztiak egia zirela.

Urrun geratzen da 1942. urte hura, Gaztelumendi Antxonek Antxon eta Adela Salvatierraren eskutik ateak zabaldu zituen urtea bera. Pixkanaka-pixkanaka Irungo ostalaritza erreferentzia bihurtu zen eta horrela izaten jarraitzen du 2014. urtean ere. Egun Angela Basabe eta Felix Manso dira establezimendua Gipuzkoako onenen artean mantentzeaz arduratzen direnak.

Angela, Antxon eta Adelaren alaba, txikitatik darama familia negozioan sartuta, eta, nahiz eta, denbora gehien jantokia zuzentzen pasatzen duen, ukaezina da urteetan zehar biltzen joan den sukaldaritza jakintza, horietariko asko Felixekin batera egin dituen sukaldaritza ikastaroetan bilduak. Sukaldari gasteiztar horrek 12 urte daramatza Irunen. Gasteizko ostalaritza eskolan ikasi ostean, Canciller Ayala Hotela eta Alicanteko El Meson de la Costan lanean aritu zen, Gaztelumendi Antxonera iritsi aurretik. Baina ikasi eta garatzeko gogoek ez dute etenik eta gaur egun ere sukaldean maisu direnek ematen dituzten ikastaroetara joaten jarraitzen du, adibidez, Arzak, Aduriz edo Rocaren ikastaroetar.

Euren webgunean definitzen duten bezala, Angela eta Felixek berrikuntza, fintasuna, ilusioa eta ondo egiten diren gauzengatik gustoa nahasten dituzten talde bat osatzen dute; pasioa eta mimoa zentzuen eskura. Hori guztiari esker Repsol Gidako Eguzki bat lortu dute, beste sari askoren artean, adibidez: Greziako txapelketa batean urrezko domina, bertan 110 minututan menu osoa osatu behar izan zuten momentuan ezagutu zituzten 36 osagaiekin; 2014. Urteko Sukaldari Onenaren txapelketan azpitxapeldun; bigarren postua Marrakchef lehiaketan; bi txapela Irungo Pintxo Mugan; eta hainbat azpitxapelketa Euskal Herriko eta Gipuzkoako Pintxo Lehiaketetan.

Pintxoak dira Gaztelumendi Antxoneko protagonista nagusienetariko bat. Barran, tabernetan ohikoak izaten diren pintxoak aurki ditzakegu, hala nola, patata-tortila, hegaluzea mahonesarekin, baina horiei sukaldetik zuzenean ateratzen diren beste 15 gehitzen zaizkie: “Baso animatua”, trufaturiko arrautz gorringoa txipiroi tenpuran, foie, apur eta sagar-erre lurrean; “Cara y cruz”, marinaturiko eta gatzaturiko antxoak parmesano izozkiarekin; “Tu y yo”, karamelizaturiko gazta bola bieirarekin; 63ºtara egindako arrautza gorringoa patata txuria, ontto salteatuak eta boilur txuriarekin; barazkitxoak tenpuran; edo foie martini saltsarekin.

Tabernako jantokian euskal sukaldaritza tradizionaleko plater esanguratsuenetako batzukin gozatzeko aukera izango dugu, etxean eginak, non ez diren falta Antxon eta Adelak historiko bihurtu zituzten bakailao ajoarriero eran prestatua eta isatsa ardo beltz saltsarekin. Horiei gehitu behar dizkiegu abakandoa labean mostaza saltsarekin, bakailao takoa edo masailak. Hori guztia merkatu eta denboraldiko produktuetatik abiatutako eguneko menu bikain bat, non egunero eskaintzen dizkiguten bost lehenengo plater eta bost bigarren plater.

Azkenik, Angela eta Felix euren jantoki xumea erabiltzen dute sukaldaritzarekin jolasteko; euren sukaldaritzako imajinazioari askatasuna emateko; euren euskal sukaldaritza, gaurkotu, modernizatu eta bere batekin gozarazteko bertara gerturatzen diren guztiei; hori guztia miniaturazko bost edo sei platerrek osatzen duten menu bat prestatzeko.

Hau da gaur egun Gaztelumendi Antxonen esperientzia ahaztezin bat bizitzera eramango gaituen dastatze menua: foie bonboia; arroz paperezko bocabitsa nori alga, bieiraren koralaren moussea eta bereberetxoekin; txerri hanka, belarri eta aurpegi carpaccioa vieira, sesamo olio eta zitrikoen kabiarrarekin; otarrainxkak hezur-muin saltsan euren hezurrean; egoste-poltsan aurkeztutako legatza Daisi saltsan, alga, ganba kurruskaria, oliba olio esferifikazio eta Kasobusiarekin; txerri kokospea tenperatura baxuan egina zigala eta bere zukuarekin; eta amaitzeko jogur, lulo edo zitriko izozkia, egunaren arabera, bakarrik edo krema edo torradaz lagundua. Mundiala, bikaina, ederra!

Zeren zain zaudete telefonoa hartu, Gaztelumendi Antxonen telefono zenbakia markatu eta mahai bat erreserbatzeko erraz ahaztuko ez duzuen esperientzia gastronomiko bat bizitzeko? On egin!

Izena: Gaztelumendi Antxon

Helbidea: San Juan Plaza 3 baxua (Irun)

Telefonoa: 943630512

Itxi: Inoiz

Jantokia: Bat 30 pertsonentzat / Bat tabernan 30 pertsonentzat / Terraza 50 pertsonentzat

Salneurria: Karta 38€tik aurrera / Eguneko menua 10€