Azaroaren 25tik, abenduaren 1ra, ahatea izango dugu protagonista Gipuzkoako hainbat jatetxetan, Jakitea, euskal sukaldaritza tradizionala sustatzen duen elkarteak antolatutako II. Ahatearen Asteari esker.

Iragan astelehenean, azaroak 14, aurkeztu zen ekimen hau Hotel Londresen eta bertan izan ziren gastronomiaren munduko 60 pertsona inguru, sukaldari, kritiko gastronomiko edota enpresa desberdinetako hainbat ordezkari. Aurkezpenaren ardura, Gipuzkoako foru aldundiko turismo zuzendari, Roke Akizuk; Rougie etxeko ordezkari, Fabricek eta Jakitea elkarteko ordezkari Mikel Aizpuruk izan zuten.

Hondarribiatik, Debara, Gipuzkoako punta batetik bestera, gure lurraldeko hainbat txokotan kokaturiko hamaika jatetxeetan gozatu ahal izango dugu, datorren asterako espreski prestaturiko menu itxiez. 30-50€ bitarteko menuak prestatu dituzte sukaldariek eta horiekin gozatzeko tiketak http://www.deskontalia.es/gipuzkoa eros daitezke aste honetan zehar.

Parte hartzen duten jatetxeak ondorengoak dira: Donostiako Aratz Erretegia, Casa Vergara, Txola, Mesón Martín, Kostalde eta La Brasserie Marie Galant; Hondarribiako Beko Errota; Pasaiako Ziaboga; Debako Urgain; Beasaingo Kattalin eta Hernaniko Tripontzi.

Aurkezpenaren ondoren, La Brasserie jatetxeko sukaldari den Jon Mikel Iberok prestatutako lunch-az gozatu zuten bertaratutakoek, Rougie etxeko foiea ere tartean zela.