III Sagardo Azoka Donostian

Donostiako Aste Nagusian murgilduta gauden honetan ezin falta gure gastronomiari eta gure sukaldaritzako ikurretako bat den sagardoaren txokoa.

Hirugarren Sagardo Azoka atzo jarri zen martxan. Gastronomia eta astialdiko astebetea izango dugu aurretik, eta, donostiar Aste Nagusi honetan gazte nahiz helduek sagardotegiko gastronomiaz gozatzeko aukera izango dute Donostiako Groseko Katalunia plazako 800 metro kuadroko karpan.

Aurten ere, donostiar eta bisitariek Sagado Azokaren bitartez kalitatezko sagardoaren eta bere inguruko kulturaren onurak ezagutzeko festa antolatu du Gorenak Gipuzkoako 13 sagardotegiz osatutako talde markak. “Kalitatezko sagardoaren alde denok elkarrekin egiten dugu lan orain dela zortzi urtetik. Sagardo Azokarekin produktu hau eta bere kultura mundu osora zabaltzea nahiko genuke”, adierazi du Oihana Gaincerain Gorenak markaren sustatzaile den Euskal Herriko Sagardo Mahaia elkarteko presidenteak. Horregatik, egunotan karpara hurbiltzen den jendeari bertatik bertara harrera egin eta euren ezagutzak azalduko dizkietenak sagardogileak beraiek izango dira.

12:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 00:00etara zabalik izango da egunero Sagardo Azoka, datorren larunbateko 00:00etara arte, abuztuak 16, gastronomia eskaintza zabalarekin: Gorenakeko sagardoez gozatzeko aukera izateaz gain, pintxoak, razioak edota sagardotegi-menuaz gozatzeko parada izango du jendeak. Barra eta jantoki guneak ditu bereizirik, gainera, Sagardo Azokak. Hori gutxi balitz, gaztetxoentzat sagardo-zukua ere izango da.

Hirugarren edizio honetarako Gorenakek zenbaitzuen kolaborazioa izan du: Comercial Hostelera del Norteren produktuak eta Iñaki Alkortaren barne diseinua. Honez gainera, hainbat hornitzaile: Txogitxu, Kepa Loidi harategia, Alkorta Bakailuak, Huiziko gazta (D.O. Idiazabal), Sagarki eta Alzola.