Eguraldi bero eta eguzkitsu honekin beti sortzen da gogoa zerbait freskoa hartzeko, tenperatura altuek sortzen duten egarria edari hotz eta aldi berean goxo batekin erasotzeko. Horretarako zer hobe Getariako Txakolina baino, gure gastronomiak duen produkturik preziatuenetako bat. Kupela musika taldeak behintzat hala kantatzen du: “Txakolina, txakolina, Getariko erregina”.

Baina ai ama zenbat buruhauste eman ote dizkigun txakolinak ere, “txakolina txotxetik tranposua noski, seigarren tragorako kantu ta abesti”. Ezinbestekoa da txakolinari aurre egiteko noizean behin sabela ere jakiz betetzea, horrela behar bezala dastatu eta gozatzeko kolore argiko gure zuku preziatu hau.

Getaria da munduko txakolinaren hiriburua, baina biharkoa hiriburutza hori Donostiara mugituko da, bertan ospatuko baita Getariako Txakolinaren III Topaketa. Getariako Txakolinaren Jatorrizko Izendapenak antolatuta, Eusko Jaurlaritza eta Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Goizeko 11.30tatik eguerdiko 14.30ak arte Getariako Txakolina ekoizten duten 27 txakolindegik euren uzta berriaren emaitza dastatzera emango dute, baina trago eta trago artean sabela Idiazabal Gazta eta antxoa pintxoekin betetzeko aukera paregabea izango dugu.

Aukera paregabea biharkoa euskal gastronomiaren hiru produktu izar dastatu eta eurekin gozatzeko. Zeinek daki, akaso seigarren tragorako denak kantuan bukatuko dugu: “Txakolina, txakolina, Donostiko erregina”. On egin!