Bazen denbora ez nintzena Hernaniko Irubide Jatetxeko jantokian eseritzen. Nire lehen esperientzia zer izan zenaren oroitzapen txiki batzuk banituen, haurra izango banintz bezala gozatu nuen eta jandakoak benetan harritu ninduen, nengoen lekuan egonda, betiko euskal sukaldaritza dastatuko nuela pentsatuta, plater bakoitzak zituen ikutu berezi eta desberdinek, bazkari bat, gastronomia eta sukaldaritza ikuskizun bihurtu zuten.

Eta zuen buruei galdezka egongo zarete, nola iristen da Irubide Jatetxera? Jatetxea hori Hernani eta Goizueta batzen dituen errepidean dago, zehazki Epele auzoan kokatua, nora Zikuñagako industriagunea pasata iritsiko zareten. Errepidean bertan kartel bat ikusiko duzue ezkerretara Irubide Jatetxerako sarbidea erakutsiko dizuena.

Jatetxearen gidaritza Pili  Bereziartuak darama, irubiden lanean 40 urte daramatzan emakume langilea, azken 20 urteak arduradun izaten gainera. 40 urte daramatzan arren, Pilik ez zituen jatetxeko ateak lehenengoz zabaltzen ikusi, hori 1905. urtean gertatu baitzen. 110 urteko historia gordetzen dute bertako paretek, ezta batere zifra makala, 110 urte gozarazten eta jaten ematen bertako jantokian eseri den orori, eta batzuk izan dira.

Pili, jatetxearen ardura daraman laugarren belaunaldia dugu, emakumeek eraman dute Irubideren gidaritza, gure sukaldaritzaren historian emakumeek izan duten garrantziaren islada argia. Ibilbidea Manuela Elizondok hasi zuen, ondoren Bernarda Miner iritsi zen, jarraian Pepita Iraola, eta, azkenik, Pili Bereziartua, zeinak jatetxearen eguneroko lana aurrera ateratzeko bere seme Txomin Astiasuinzarra, noizen behin jantokian aritzen dena, eta Lorena San Matias sukaldariaren laguntza du.

Jatetxe batek zabalik 110 urte daramatzala esaten badizute, burura datorkizun lehen gauza da, ohitura jarraituz, betiko sukaldaritza goxoa eskaintzen jarraituko dutela da, behintzat hori izan nik pentsatu nuen lehen gauza Irubide bisitatu nuen lehen aldian. Pili fidela izaten jarraitzen du bere familiako emakumeengandik jasotako sukaldaritza lekukotzarekin, betiko sukaldaritza bikain bat eskaintzen jarraitzen du, gure herriko sukaldaritza historian erreferentzia bihurtu diren platerrak eskainiz, baina plater bakoitzak badu ikutu berezi bat, desberdin egiten duen zerbait, Irubide bisitatzeak ezusteko bihurtzen duten ikutuak, Pilik zerbait argi badu, ori, jendea Epeleraino erakarri behar duela da, horretarako etxean mimo handiarekin eginiko etxeko sukaldaritza egiten du, baina plater bakoitzak ezusteko berezi bat gordetzen du.

Kartan murgilduz gero, sarrerakoen artean azpimarratzekoak dira entsaladak, adibidez, txipiroi entsalada, urdaiazpikoarena foie birutekin, gazta entsalada edo abakando entsalada, ikusgarria, plantxan eginiko abakando oso bat aurkituko dugu platerrean fruta, letxuga eta rukula sorbetearekin batera. Horietaz gain hiru era desberdinetan prestatutako orburuak jateko aukera izango dugu, urdaiazpikoarekin salteatuak, arrautzeztatuak edota oliozpinarekin; eta, azkenik, etxeko frijitu zoragarriak, noria antzeko batean aurkeztuak, bertan kalamarretaz gain, etxean eginiko kroketa sorta eder batekin gozatzeko aukera izango dugu, egunaren arabera kroketa horiek piper, txipiroi, foie, urdaiazpiko edo onttoarenak izan daitezke.

Arrainen atalean, proposamenen artean ditugu: bieirak plantxan ontto, foie eta boilur txuri saltsa batekin; txipiroiak, bai plantxan edota bere tintan eginak; legatza, plantxan edo ontto saltsarekin batera eskaintzen digutena; edo bakailaoa piperrada eta paja patatekin, piper izozkiaren ikutu bereziarekin.

Haragiei dagokionean aipatzekoa da azpizuna guarnizio edo foierekin, hori hautatuz gero ontto izozki goxo batekin gozatzeko parada izango duzue, ahate magreta plantxan mango eta jazmin saltsarekin; kanguro azpizun exotikoa bere guarnizioarekin, txahalarena baino leunagoa den haragia da; eta arkume eta antxume erreak, horiek aurrez eskatzea komeni da egiteko behar duten denbora medio.

Azkenburukoen karta zabaltzen duzuenean bat aukeratzea kostako zaizue, lehenik eta behin denak bikainak direlako eta etxean eginak daudelako, eta bigarrenik bertan aurkituko duzuen eskaintza zabalarengatik. Kartako eskuinaldean betiko azkenburukoak topatuko dituzue, hala nola, gazta tarta eta etxean eginiko yogurta; ezkerraldean, aldiz, postre berritzaileak aurkituko dituzue, horien artea, fruitu exotikoen likuatua yogur aparrarekin; yogurt krema mandarina sorbetearekin; kafe pudina baileysarekin; yuzu sorbetea; edo inor ezer esan gabe utziko ez duen “Gin-tonica limoizko sorbetearekin”, gin-tonic apar bat sagar saltsa eta limoizko sorbetearekin lagunduta.

110 urteko ibilbidea, 110 urte gure sukaldaritza historiari fidelak izaten, 110 urte familiako emakumeek markatutako bidea ibiltzen, baina Irubide bere onenean jarraitzen harrituko zaituen bere sukaldaritza berezi, desberdinarekin. On egin!

Izena: Irubide Jatetxea

Helbidea: Epele Auzoa 7 (Hernani)

Telefonoa: 943552480

Itxi: Igandea

Jantokia: Bat 23 pertsonentzat / Bat 45 pertsonentzat

Salenurria: Eguneko menua 11€ / Asteburuko menua 20€ / Karta 35 – 40€