Iruñazarra: San Fermin gastronomikoa

San Ferminekin gozatzeko azkeneko bi egunak eta aste honetan ere Gure Jatetxea Iruñeatik datorkigu: Iruñazarra. Entzierroko ibilbidean kokatua, Mercaderes kalean, zezenei hainbeste buruhauste sortzen dizkien kurbaren parean.

1969. urtean zabaltzen zituen bere ateak Iruñeako gastronomiaren historia bizi den jatetxe hori. Iaz berreraikitze bat jasan zuen eta ibilbide berri bati ematen zion hasiera Elena Arosteguiren eskutik. Garaioako Arostegui jatetxea arrakasta handiz zuzendu duen familiako hirugarren belaunaldia dugu Elena. Txikitatik ezagutu du ostalaritza mundua, oso gertu sentituz familiaren lanerako leloa: produktua eta kalitatea. Gaur egun, jatetxe horretaz gain, Hotel Roncesvallesen kudeaketa ere eramaten du.

San Ferminetan Iruñazarrak menu berezi bat eskaintzen du 40€tan: sarrerakoetan salmorejo txupitoa urdaiazpiko kurruskiarekin, bentreska eta pikilo entsalada eta arrain zopa edo potxa freskoak; bigarrena aukeratu beharra dago bakailaoa ajoarrieroan otarrainxka tenpurarekin, eguneko arrain, zezenketako zezena Olite ardo beltzetan gisatua edo norbanakoarentzako txuleta brasan Maldon gatza eskamekin platerren artean. Festetan kategoriazko omenaldi gastronomiko bat emateko aukera ezin hobea.

Sartu eta berehala tabernarekin egiten dugu topo non eskaintza informalago bat egiten diguten pintxo eta ano desberdinak eskainiz, besteak beste, Santiago bideko olagarroa Aezkoako patata eta piperrautsarekin, txipiroizko rabak, foie tosta melatutako tipularekin, ropa vieja kurruskaria, etxean eginiko muskuilu beteak, ontto kroketa klasikoa eta txerri belarria tenpuran.

Horietaz gain aukeren artean ditugu ere arrautza apurtuak foie zatitxo, ontto eta panadera patatekin; izokin ketu eta gazta krema tosta; tomatea, Nafarroako olio eta urdaiazpiko iberiko ogitartekoa; oroitzapen oneko ogi apurrak; edo Iruñazarra hanburgesa.

Iruñazarren murgildu eta jantokian lasai eserita bertako sukaldaritzarekin gozatzeko asmo irmoa badugu, maitasun handiarekin prestaturiko sukaldaritza dastatuko dugu, non produktu ona eta kalitatea diren ildo nagusi. Denboraldiko produktuak nagusi diren karta bat eskaintzen digute, nafar sukaldaritzan esanguratsu diren platerrekin batera, Elenak Arostegui jatetxean bizi eta ikasitakoaren islada.

Kartan aurkituko ditugun platerren artean ditugu: zainzuri freskoak arrautza poche eta perretxikoen emultsioarekin, Puenteko piperrak labean erreak, ontto nahaskia, Orbaizetako gazta xaflen entsalada intxaur oliozpinarekin, denboraldiko babarrun potxak, txerri belarria tenpuran, Piriniotako behi txuleta, babarrun gorriak bere sakramentu guztiekin, barazki panachea, idi tripaki eta muturrak edo txerri eskutxoak foiez beteak.

Astean zehar eguneko menua ere eskaitzen dute, asteburuetako beste batekin batera. Horietaz gain sagardotegi menua eta hamar pertsonentzako aurrez eskatua prestatzen dute gastronomia menua, non dastatu ditzakegun ahate entsalada foie zatitxoekin, bere kremaz beteriko zainzuriak, arroz txirlekin, bakailaoa perretxiko pil-pilean eta iberiar azpizuna baratxuri muselinarekin.

Nafarroako sukaldaritzan zehar eginiko bidai honi amaiera bikaina emango diogu etxeko azkenburukoekin, horien artean, gazta tarta mugurdi coulisarekin, arrozesnea kanelarekin, limoi krema eta kafe krema hotza.

Aprobetxa itzazue sanferminetako azkeneko bi egun hauek Iruñeara gerturatu, festan lotsak alboratu, gozatu eta Iruñazarran eserita San Ferminek merezi duen sukaldaritza omenaldi bat egitea. On egin!

Izena: Iruñazarra

Helbidea: Mercaderes 15 (Iruñea)

Telefonoa: 948225167

Jantokia: Bi 60 eta 50 pertsonentzat

Salneurria: San Fermin Menua 40€ / Eguneko menua 19,80€ / Asteburuko menua 28€