Irungo Atsegina: parrilarekiko pasioa

Udaletxetik metro gutxira, San Juan Plazatik gertu, San Martzial kale bete-betean, festaren erdigune eta alardea pasatzen den puntuan berean dago Irungo Atsegina, Irungo jatetxe historikoetako bat, urteak daramatzana gastronomia zaletu asko gozarazten.

Ricardo Garciak jarri zuen martxan jatetxea, izen bereko elkarte gastronomikoaren azpian, 1997an. 2007an norabidez aldatu eta Sergio Rodriguez, Oscar Esteban eta Yolanda Gallardok hartu zuten jatetxearen ardura, gaur egun hor jarraitzen dutelarik. Bidasoaldeko ostalari talde arrakastatsu bat dugu hori, inguruko hainbat establezimenduren zuzendaritza duena, horietariko batzuk Ricardo Garciarekin batera.

Sukaldean Iñaki Barros da nagusi, berak gidatu eta zaintzen ditu sutan jarritako kazola eta zartagin guztiak maisutasun handiz. Honek Bidasoako sukaldaritzaren sekretu guztiak ezagutzen ditu, horren erakusgarri bere ibilbide profesionala, 2013an Irungo Atseginara iritsi aurretik Errenteriako Batzokian, Aldanondon eta Aranon ibilitakoa baita, Bidasoaldeko beste hainbat tokirekin batera.

Iñaki sukaldera iritsi zenean oso argi zuten jabeek bertako sukaldaritza eta produktuen presentzia indartu nahi zutela, eta lortu dutela esan dezakegu. Euskal sukaldaritza tradizional bikain bat eskaintzen dute, karino eta mimo handiz egina, non protagonista nagusia parrila dugun. Hoi bai, ez dituzte sukaldaritza berriaren ikutuak alboratzen, eta horietaz baliatzen dira sarrerakoak prestatzerako orduan.

Karta begiratzen jartzen bagara sarrerakoen artean aurkituko ditugu: olagarroa galiziar erara, txipiroi eta txopito entsalada epela patata eta piperradarekin, amonaren estiloko arrain zopa, eta txangurroz beteriko ravioli faltsua porru kremaren gainean.

Arrainei dagokionez azpimarratu eta goraipatu beharrekoak dira parrilan egiten dituztenak zapoa, zapotxoa, erreboila edota legatza (enborra, xerra edo kogotea), beste askoren artean, merkatuaren legeak markatzen du arrainen eskaintza. Baina azpimarratzekoa da ere bakailao errea piperradarekin.

Haragien artean izarra, protagonista nagusia, parrilan erretako txuleta dugu, espezialistak dira txuleta bere puntuan zerbitzen, hiru koloreak ondo bereiziaz eta denon gozamenerako, bertan argi uzten dute parrila erabiltzen iaioak direla. Bost urte baino gehiago dituzten haragiekin egiten dute lan eta txuleta-zinta jasotzen duten unean hainbat egunetan ontzen uzten dute, samustasun gehiago izan dezan haragiak. Baina ez gara soilik txuletekin elikatzen, azpizuna foierekin ere primeran prestatzen dute.

Azkenburuko guztiak bertan prestatzen dituzte, euskal sukaldaritza tradizionala oinarri hartuta, horien artean, sorbete bikain aukera zabala, gazta tarta edo pantxineta, hori bai, aurkezpena berritu eta horri ikutu berezia ematen diote.

Goiko solairuan aurkituko dugu taberna non pintxo sorta ederra dastatzeko aukera izango dugun, besteak beste: foie pintxoa, kroketak, barrako pintxo hotzak, edota hainbat lehiaketetan sarituak izan direnak, hala nola, basatxerri kokotxa takoa (bigarren postua Mugan txapelketan) edo txitxirioen garapena (2014ko Gipuzkoako finalista).

Hemendik irundar guztiei beren jaiekin, San Martzialekin eta Irungo Atseginarekin gozatzea opa diegu. On egin!

Izena: Irungo Atsegiña

Helbidea: San Marcial 9 (Irun)

Telefonoa: 943628934

Jantokia: Bat 120 pertsonentzat / Pribatuak 10 eta 20 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Karta 20-25€ / Eguneko menua 9,90€ / Eguneko eta asteburuko menu berezia 18€ / Asteburu gauetako menuak 20-26€