JM Deba Ormaiztegiko odolkirik onena

Urteko garai honetan odolkiak protagonismo handia hartzen du gure merkatu eta sukaldeetan, gure artean, Beasaingo odolkia bezala ezagunagoa denak. Zeinek ez du hartu nahi izaten odolki pintxo goxo eta bero bat urtaro honetan ohikoak izaten diren egun hotz horietako batean? Edo zeini ez zaio gustatzen babarrun platerkada on bat odolki zati batekin laguntzea? Gure gastronomian produktu preziatuenetarikoa dugu odolkia, eta horren erakusgarri ditugu azaroan zehar ospatu diren txapelketak, zeintzuek oihartzun eta garrantzia handia izan duten, batez ere Goierri aldean.

Horietariko lehiaketetako bat izan genuen iragan igandean, azaroak 30, San Andres egunez Ormaiztegin ospatu zena, XXVIII. edizioa zen eta urtero herriko jaien barnean antolatua izan zen. Lehiaketaz gain Euskal Herriko produktuen azoka ere egon zen goiz osoan zehar eta bertan aurkeztutako produktuen hainbat lehiaketa ere izan ziren, baina denak ala denak odolkiaren ingurukoak, odolki lehiaketa, odolkiaren osagaien lehiaketa eta odolkiarekin egindako plateren lehiaketa. Honako hau dugu saridunen zerrenda:

XXVIII. Odolki Lehiaketa: Jesus Mari Deba.
Txerri onena: Berrobiko Lesmes baserria eta Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserria.
Tipularik onena: Juanita Murgiondo (Mutiloa).
Porru, perrexil eta oreganoa: Maria Etxezarreta (Gabiria).
Postuaren aurkezpena: Maria Etxezarreta (Gabiria).
Odolkiarekin egindako plater onena: Jesus Lerma (Ormaiztegi).
Odolkiarekin egindako plateretan, aurkezpen onena: Bittor Martin (Ormaiztegi).

Jesus Mari Deba izan zen garailea odolki lehiaketan. Bertan hamaika bat odolkik parte hartu zuten eta txapela Ezkio-Itsasora joan zen, eta ez dute lehenengoa. Urte oparoa ari da izaten Debatarrentzat eta orain arteko lehiaketetan beti izan dute zeresana, Beasaingoan finalera iritsi ziren, Ordiziakoan saria eskuratu zuten eta sari potoloa Ormaiztegin, eta datorren asteburuan zita inportantea dute Elorrion.

Elorriokoa txapelketa berezia izaten da, aurreko astean sukaldariek osatutako epaimahai batek aurkeztu ziren odolki guztietatik lau onenak aukeratu zituen eta horien artean dago Jesus Mari Debak aurkeztutakoa. Hori horrela, asteburu honetan elkarte batean odolki pintxoak prestatu eta bertaratzen direnek izango dute odolki onena zein izango den hautatzeko ohorea eta ardura.

Historia luzea

Jesus Mari Deba harakin-ikastun bezala aritu zen, eta hainbat urtetan harategi desberdinetan lanean egon ondoren, bere bakarkako lanari ekin zion. Odolkiak soilik egitea erabaki zuen, batipat produktuak zuen eskaintza zabala eta ematen zuen negozio aukeragatik. Erabat egokitutako fabrika sortu zuen, instalazio zabalekin eta bezeroen beharrak asetzeko nahikoa langileekin. Jada 40 urte pasa dira bakarkako ibilbidea hasi zuenetik, urte horietan guztietan jarraikortasuna, gustatzen zaiena egiteko poztasuna eta produktu bikainak, egunerokoaren parte izan dira eta dira.

Produktuak

Barazki odolkia:

Osagaiak: tipula, porrua, txerri gantza, odola, gatza, oreganoa eta piperbeltza.

Prestaketa: txerri gantza hartu eta horri gehitzen zaizkio barazkiak, gatza, piperbeltza, oreganoa eta odola. Dena heste natural batean galkatzen da eta egosi egiten da.

Arroz odolkia:

Osagaiak: Arroza, odola, gantza, gatza eta piperbeltza.

Prestaketa: Gantzari gehitzen zaizkio barazkiak, gatza, piperbeltza, oreganoa, odola eta arroza. Guztia sabel naturalean galkatzen da eta egosten da.

Mondejua:

Osagaiak: Porrua, ardi gantza, arrautza, gatza eta cayenne.

Prestaketa: adri gantzari gehitzen zaizkio barazkiak, gatza, cayenne eta arrautza irabiatua. Behin osagai guztiak nahasita, sabel naturalean galkatzen dira eta egosten dira.

Buzkantza:

Osagaiak: Tipula, porrua, ardi gantza, odola, gatza, oreganoa eta cayenne.

Prestaketa: Mondejuaren elaborazioan erabiltzen den metodoaren antzekoa da, baina ezberdintasun batekin, irabiatutako arrautza jarri ordez odola gehitzen zaio.