Orio itsasoko sukaldaritzarekin gozatzen duen herri bat da, arrantzaleek itsasotik ekartzen dituzten produktuen marabilak egiten dituena, produktu bat besteen gainetik dago, oriotar sukaldaritzaren errege bihurtu dena, bisigua. Ezin hobeto prestatzen dute arrain hori, eta hainbesteko fama hartu du, zeinak herriko mugak ganditu eta euskal sukaldaritzaren erreferentzia bihurtu den.

Parrilan erretako bisigu goxo, eder eta zoragarri bat dastatzeko erreferentzia jatetxe bat dugu Joxe Mari Erretegia Herriko Enparantzan bertan kokatua dagoena.

Ez gaude edozein jatetxeren aurrean, bertan erre baitzen 1957an lehen bisigua parrilan. Joxe Mari Manterola izan zen urteen joan etorriarekin gure gastronomiako ezinbesteko erreferentzia bihurtu den plater horren sortzailea. Joxe Marik arrantzale bizitza alde batera utzi eta bere gurasoen etxeko azpialdean merendero bat martxan jartzea erabaki zuen. Bertan gaztainak eta sardinak erretzen eta eskaintzen hasi zen, baina behin bisiguak erretzeari ekin eta menu bikain bat eskaintzen hasi zen: entsalada, bisigua, txuleta, izozkia eta melokotoia. Hori guztia Pantxika Peña Manterolaren laguntzarekin.

1957 hartan hasi zen Joxe Mari Erretegiaren ibilbidea, egun ibiltzen jarraitzen duen ibilbidea. Joxe Mariri bere seme Andonik hartu zion lekukoa, eta gaur egun familiako hirugarren belaunaldia da familiaren izpiritua bizirik mantentzen arduratzen dena. Mikel Manterolak 13-14 urterekin jada bisiguei buelta ematen zien parrilan, eta pixkanaka urratsak eman eta orain bera da bikain erretzeaz arduratzen dena. Manterolatarren sukaldaritza ohitura esku ezin hobeagoetan dago.

Joxe Marin euskal sukaldaritza goxo eta bikain bat dastatu eta gozatzeko aukera izango dugu, non protagonista nagusi diren itsasotik heltzen diren produktuak, ezin zuen bestela izan Orioko Herriko Enparantzan egonda. Bere sukaldeko beste erreferentzietako bat parrila dugu, nondik gastronomia zaletu ororen gozamenerako izango diren platerrak ateratzen diren, lehen horzkada eman eta emozionatuarazten dizuten horietarikoak. Gure sukaldeko ohiturak mantentzearen aldeko apostu garbia dute eta horretarako bidean euskal sukaldaritza tradizionala babestu eta defendatzen duen Ja(ki)tea Elkarteko bazkide dira.

Karta eskuetan hartu, begirada botatzen hasi eta hortxe hasten dira arazoak, zer hartuko dut bazkaltzeko? Guk sarrerakoetan honako plater hauen arteko hautua egitea gomendatzen dizuegu: parrilan erretako piperrak etxeko saltsa sekretuarekin, kokotxak pil-pilean, ezinbestekoa den arrain zopa, Huelvako ganbak lantxan, edo etxeko erreferentzietako bat, txipiroiak tintan.

Arrainak topatuko ditugu jarraian kartan, non erregea, inolako dudarik gabe, bisigua parrilan dugun, 18-20 minutuan parrilan errea eta betiko olioerrearekin lagundua. Hau bai dela sekulako kutixia! Gora Joxe Mariko Bisigua! Baina bikain erretzen dituzte parrilan ere zapoa, legatz kogotea edota erreboila.

Haragiari dagokionez zaharraren txuleta dugu aukeratzeko, Joxe Mariko parrilako bigarren erreferentzia bihurut dena. Bere puntuan erretako txuleta, lehen horzkada eman, begiak itxi eta zoriontsu egiten zaituen horietarikoa. Izugarria!

Gure betiko sukaldaritzari egindako omenaldi ederrari amaiera emateko zer hobe gure betiko azkenburuetako bat, hala nola, arrozesnea, flana, mamia, gazta tarta edo natilak.

Manerolatarrek asmatu dute Orioko mugetatik haratago eramatea euskal sukaldaritzarekiko pasioa, Bisigu Festa desberdinetan parte hartuz eta baita Zaragozan Pantxika-Orio jatetxea martxan jarriz ere, 1970ean zabaldua, egun euskal sukaldaritza eta parrilako sukaldaritza bikaina eskaintzen jarraitzen du.

Joxe Mari bisitatzea gure sukaldaritzaren historia bizia bisitatzea da, gure gastronomiaren historia. Denbora luzean gogoratuko duzun bisita. On egin!

Izena: Joxe Mari Erretegia

Helbidea: Herriko Enparantza z/g (Orio)

Telefonoa: 943830032

Jantokia: Bat 60 pertsonentzat / Bat 12 pertsonentzat / Bat pribatua 15 pertsonentzat

Itxi: Astelehenak eta igande-osteguna gauez

Salneurria: Karta 60€