Kalakan: “Gora gure sagardo berria!”

Argazkia: Sagardoaren Lurraldea

Atzo, urtarrilak 15, ospatu zen Sagardo Berriaren Eguna 2014 Astigarragan. Bertan, txotx denboraldi berria jarri zen martxan eta denboraldi berri honen xehetasunak emateaz gain, 2013ko sagardo uztaren ezaugarriak azaldu zituzten. Aurkezpen ofizial eta ohiko sagarrondoaren landatzearen ondoren, Kalakan taldeak izan zuen lehen kupela ireki eta lehen sagardo tragoxka edateko ardura, lau haizetara zabalduz: “Gora gure sagardo berria!”

Ekitaldia eguerdiko 12.00tan hasi zen Astigarragako Sagardoetxean eta Euskadi Irratiko kazetari Maider Segurolak aurkeztu zuen. Hitza hartzen lehena, Astigarragako alkatea, Andoni Gartzia, izan zen. Honek 2013a Sagardoetxearentzat urte bikaina izan zela azpimarratu zuen, eta argi utzi zuen sagardoaren munduan hobekuntzak bilatzen jarraituko dutela, sagardoari balio erantsia gehituz. Honekin batera azpimarratu zuen, azken urteotan, Sagardo Berriaren Egun hau herritarrei gerturatzeko egindako lana, eurek baitira txotx denboraldiko protagonista nagusienetako batzuk eta eurek ere badutelako txotx denboraldiaren irekieraz gozatzeko aukera.

Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen, Landa eta Turismo diputatuaren txanda izan en jarraian. Jon Pelik, sagardoaren kalitatean eman diren aurrerapausoak azpimarratu zituen. Hori lortzeko, Fraisoron egindako lana goraipatu zuen, sagardoaren dastatze profesionalaren plantaren ezarpenarekin. Honekin batera, Gipuzkoako ostalaritzari deia egin zion, euren kartetan ardo eskaintza zabal duten bezala, sagardo aukera zabala ere izan dezaten, Gipuzkoako sagardogileen lana ere ezagutzera ematen laguntzeko.

Erakundeen txanda amaitzeko, Peli Manterola eta Arantxa Madariaga, Eusko Jaurlaritzako kideen txanda izan zen. Pelik adierazi zuen, sagardoa euskal produktu baloratu bat dela, nahiz eta bere ekoizte prozesuak modernizatu, tradizioan oinarritzen jarraitzen duena, hori bai, sagardogileei deia egin zien, Euskal Herriko sagarrondoak landatzeko apostua eginez, euskal sagarrak erabil zezaten euren sagardoen ekoizpenean. Arantxa Madariagak, sagaroak euskal turismo etnogastronomikoan duen garrantzia azpimarratu zuen, bere presentzia geroz eta garrantzitsuagoa da eta kanpoko turistak erakartzen ari da.

Erakundeen ostean, Joxe Angel Goñi, Sagarduneko ordezkariaren txanda izan zen, txotx denboraldi berri honi begirako hainbat datu eman zituelarik, sagardoaren inguruan:

- Sagardoa: kolore horixka du, txinparta fina eta mikatz puntu batekin. Badu puntu freskagarria.

- Sagarrak: Udaberri eskax baten ondorioz, kanpoko sagarra ekarri da, 10 milioi litro ekoiztera iristeko.

Azkenik, Iparraldeko Kalakan folk taldeak, eskerrak eman zituen beraiengan jartzearren txotxaren denboraldia martxan jartzeko ardura. Azpimarratu zuten, Kalakanek beti izan duela harremana sagar eta sagardoarekin, hein handi batean, Madonnarekin batera kantatu zuten “Sagarrak Jo” abestiaren bertsioari esker. Aipatu zuten Iparraldean ez dagoela sagardoaren inguruko hainbesteko tradiziorik, baina Hegoaldeko sentimendu hori ulertu eta sentitzen zutela. Amaitzeko, eurentzat Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak izateak ohore handia zela adierazi zuten.

Aurkezpen instituzionalaren ondoren, eta tradizioak agintzen duen bezala, Kalakanek sagarrondo bat landatu zuen Sagardotxearen ondoan kokatua dagoen sagastian. Behin landatua, gonbidatu guztiak Alorrenea sagardotegira joan ziren, lehen kupela ireki eta sagardotegiko lehen menuaz gozatzeko. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Kalakan taldeko kideek, lehen sagardo tragoa edan zuten, “Sagarrak jo” kantatu eta lau haizetara zabalduz: “Gora gure sagardo berria!”