“Koxkero” Gipuzkoako ogitarteko onena

Ez genuen erronka erraza aurretik, 25 ogitarteko dastatu behar genituen goizean zehar eta horretarako dieta zorrotza egin behar bai aurreko gauean yogurt eta platano bakarra janez, zein goizean bertan kafesne soil bat hartuz. Erronka ez zen hor amaitzen, epaimahaiean egotea egokitzen zitzaidan, baina ez edonolako epaimahaikideen alboan, hor baitzeuden Juan Mari Arzak, Dani Lopez, Ruben Trincado, Aizpea Oihaneder eta Xabier Zabaleta. Mahaiean eseriak ginela, ingurura begiratu eta nire buruari galdetzen nion, zer egiten dut nik hemen? Zer esan behar dut hain sukaldariren handien aurrean?

Hori guztia atzo goizean gertatu zen Maria Cristina Hoteleko azpiko solairuan kokatua dagoen San Sebastian Fooden instalakuntzetan. Keler eta Ogi Berriren babesletza zuen Gipuzkoako Ogitartekoen I Txapelketa ospatu zen atzokoan eta aurkeztutako 25 proposamenen artean Errenteriatik etorritako Xera Gastrotekako “Koxkero” ogitartekoa izendatu zuen epaimahaiak Gipuzkoako ogitarteko onena.

Carlos Nuez sukaldariak ogi tartean jarri zuen gure gastronomia eta sukaldaritzan erreferentzietako bat dugun “legatza koxkera eran” platera, hau da, legatza saltsa berdean txirla, ilar, zainzuri eta arrautzarekin. Ideia hori hartu eta oinarrian ilar eta zainzuri arrautzopil bat jarri zuen, gainean legatz xaflak, ondoren txirlak eta inguruan bi tranpantojo, baratxuria eta pipermina ordezkatzen. Ogitarteko goiko ogi zatia saltsa berdez bustia zegoen, behin bi zatiak itxi eta koxk egitean zapore guztiak nahastuz legatza koxkera eran jaten egongo bazina bezala sentiaraziz. Proposamen horrekin eskuratu zituen lehen sariko garaikurra eta 500€-ak.

Bigarren sailkatua Irungo Orrua Tabernak aurkeztutako “Kepa” ogitartekoa izan zen, Kepa Acero surflariaren omenez eginikoa eta gainera okasiorako espreski prestaturiko surflari itxurako txaketila batekin agertu zitzaigun txapelketara. Bere proposamenean ogi artean aurkeztu zizkigun mingaina, onttoak, padroiko piperrak eta tipula frijitu kurruskaria. Hot dog itxuran aurkeztu zuen eta epaimahaiaren oniritzia jasota bigarren saria, garaikurra eta 200€ eraman zituen etxera.

Hirugarren saria Igeldora joan zen, bertako kanpinean kokatua dagoen Iturrieta Berriko Mikel Mayanek aurkeztutako “Txerribeltz”-ek irabazi zuen aipatutako sari hori. Txerria, letxuga eta arto frijitua zituen oinarri Igeldotik etorritako ogitarteko horrek eta beste hainbatekin borrokan egon ostean berak lortu zuen hirugarren postuan sailkatzea.

Ogitarteko tradizionaletatik, proposamen berezi eta berriagoetara, denetarik dastatzeko aukera izan genuen atzokoan, esperientzia bikaina bizitzeko aukera ere, eta baita ogitartean kutixi bikainak aurkeztu daitezkeela ikusteko ere. Goizeko 9tan hasi ziren lehen parte-hartzaileak sukaldeak betetzen eta euren errezetak prestatzen. Goizeko 10tan iritsi zen lehen ogitartekoa epaimahaira eta ordutik eguerdiko 13.30ak arte lanean aritu ginen jo ta su epaimahaikideak, nahiz eta azken txanpan eta gainean zeramaten ogitarteko pilarekin pixka bat ere kosta zitzaigun gure lana amaitzea, baina lortu genuen.

13.30ak aldera eman genuen gure epaiaren berri. Komunikabideen presentzia garrantzitsuak argi uzten zuen ikusmin handi zegoela Gipuzkoako Ogitarteko I Txapelketako lehen txapelduna nor izango zen jakiteko eta azkenean ohore hori Xera Gastrotekari egokitu zitzaion. Baina goraipatzekoa da Gipuzkoako txoko guztietatik etorritako 25 taberna eta jatetxeetako sukaldariek egindako lana, bejondeizuela, zorionak!

Gogoratu igandea bitarte 25 proposamenak dastatzeko aukera duzuela I Bokata Asteari esker, 6€-ren trukean gozatu ogitarteko bikain batekin eta 33cl-ko Keler batekin. Animatu eta on egin!

Azken lerro hauek baliatu nahi ditugu lehenik eta behin Comunicameloko Martin Martinez eta Felix Garridori eskerrak emateko abentura honetan beraiekin bat egiteko aukera emateagatik, Baseclickeri bidelagun izateagatik, eta Keler, Ogi Berri eta San Sebastian Foodi erakutsitako babes eta emandako laguntzarengatik.