Arrautza Frijituen lehiaketa

Iragan larunbatean, urriak 5, ospatu zen Arrautza Frijituen 5. lehiaketa, donostiar eta bisitariei gogorarazteko egun hauetan zehar Donostia dela munduko gastronomiaren hiriburu, San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country-ri esker.

Azken urteetan egin bezala, La Bretxan ospatu zen herritarrak eta famatuak biltzen dituen lehiaketa hau, Donostiako bi arrautza frijiturik onenak bilatzea zelarik helburua. Guztira hogehitahamar lagunek hartu zuten parte, herritar eta famatuen lehiaketak batuta. Edonork har zezakeen parte, baina aipatutako hauek bakarrik ausartu ziren Gorrotxategi Arrautzetako mantala soinean jantzi, zartagia aukeratu, olioa berotzen jarri eta arrautza frijitu bakar bat prestatzera.

Prte-hartzaileen lana ikuskatzen eta aztertzen aritu ziren epaimahaia osatu zuten zazpi kideak, Luis Gorrotxategi, Gorrotxategi Arrautzak enpresakoa; David de Jorge, kazetari eta telebistako aurkezlea; Amaia Ortuzar, Ganbara jatetxekoa; Luis Arrufat, Basque Culinary Center-koa; Ander Esarte, Txuleta jatetxekoa; Pablo Loureiro, Cara Urolakoa eta Ruben Trincado, Mirador de Ulia jatetxekoa. Esan beharra dago, epaimahaikideek ez zutela lan erraza izan, parte-hartzaileek aurkeztutako arrautza frijituen maila handia izan baitzen.

Arrautza guztiak aurkeztu eta dastatu ostean, epaimahaiak Mabel Ferradas eta Eneko Goia, Donostiako Udaleko EAJ-PNV-ko zinegotziaren arrautzak aukeratu zituen Donostiako arrautza frijitu onenak bezala. Mabelek, Kanariar Uharteetarako bi pertsonentzako bidaia irabazi zuen. Eneko ere ez zen esku hutsik joan etxera, besapean zeramatzan, Gorrotxategi arrautza dozena bat, oliba olioa eta Chivite ardo botila bat, etxean eta familiarekin jarrai zezan arrautza frijituak jaten.