Minimal: 1. jardunaldia

Atzo iritsi ginen Murgiara (Araba), Minimal, Miniaturazko Gastronomiaren I Jardunaldiekin gozatzeko asmoz. Bi egunetan zehar, pintxoaren munduan sari eta fama handia eskuratutako sukaldaririk garrantzitsuenetariko batzuk bildu dira Murgiako Nagusiaren Etxea Hotelean. Helburua argia zen, hainbeste sona izatera eraman dituzten euren sekretu eta errezetak erakustea.

Irekiera bazkari baten ostean, (ezin izan genuen bertan egon lan arazoak medio), 17.30ak aldera hasi ziren Minimalen lehen hitzaldiak.

Parte hartzen eta euren sekretu eta errezetak aurkeztu zituzten lehen hiru sukaldariak honako hauek izan ziren: Darren Williamson (Bitoque, Bilbo), Jesús Iñigo (Ábaco, Huarte) eta Carlos Nuez (Goxodenda, Hondarribia).

Hitza hartzen lehenengoa, ingles-bilbotar dugun Darren Williamson izan zen. Bi proposamen ekarri zituen Murgiara: “Deusto Tomatea” (ogi txigortu eta fruitu lehorrekin eginiko lurraren gainean aurkezturiko gazpatxo itxurako mousse batekin osaturiko tranpantojoa) eta “Txipiroi tripakiak”, jende guztiaren arreta erakarri eta harridura sortu zuena.

Jarraian, Jesus Iñigoren txanda izan zen. Nafar honek, 2013ko Euskal Herriko Pintxo Txapelketa irabazi zuen, “Antxoa Esponja” pintxo ikusgarriari esker, non aipatzekoa den, pintxoa egiteko erabiltzen duten ogi berezia, esponja itxura ematen diona; baina horrekin nahikoa izan ez eta “Airbag” pintxoa aurkeztu zuen (ogi azal estiloko ogi-kurruskaria, birikaz, apur, patata-pure eta arrautz gorringoz betea).

Lehenengo hitzaldiei amaiera ematea egokitu zitzaion Carlos Nuezi. Honek, 2013. urteko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen “Punto y Pelota” pintxoari esker (txangurro eta txipiroi bola, koko xehetuarekin aldarbatua); honekin batera, “Shitake zopa, zainzuri espumarekin” pintxoa ere aurkeztu zuen.

Behin jardunaldiak amaituta, pintxo hauek dastatzeko aukera izan genuen (“Itsaski entsalada” eta “Goxua” gehitu zitzaizkielarik). Afarian zehar edandako ardo-zerrenda honakoa hau da: Cava Villa Conchi Rosado; Lar de Paula Blanco FB 2012; Castillo Labastida Rosado 2013; Rolland Galarreta Ribera del Duero 2010; Clos Montebuena Reserva 2009; eta Irish Coffeea amaitzeko.

Joango gara errezetak pixkanaka-pixkanaka argitaratzen.

Bihar kontatuko dizuegu bigarren jardunaldi honen nondik norakoa.

Argazkia: Eva Pascual