“Mr Pruden” Arabako urrezko pintxoa

Perretxiko bonboi bat, Eusko Laber arrautz gorringoarekin betea Idiazabal gaztarekin eta Arabako boilurrarekin estalia. Hori da Erkiaga Tabernako Yosune Menendezek eginiko pintxoa eta Arabako Pintxoaren I Aste Nagusiko Urrezko Pintxoaren saria eraman duena.

Bigarren sailkatua, eta, ondorioz, Zilarrezko Pintxoaren txapela jantzi zuen Murgiako Nagusiaren Etxeko Ruben Gonzalezek, honako pintxo honi esker: ogi txigortu xerra bat, mugurdi, laranja, aguakate eta sardinarekin bere baratzeko tomate zukuarekin.

Brontzeko Pintxoa saria Hueto Gainera joan da, bertako Borda Berri erretegian prestatzen dut Mitxel Suarezek “Urkabustaiz, Añanako Gatza eta Arabar-Errioxa” pintxoa. Zer eramaten duen pintxoak? Oiardo zaldikume zankarroia, Gujuliko Idiazabal gazta, Añanako gatza, Arabar Errioxako ardo izozkia, deshidartaturiko patata purea eta ardo hautsa.

Publikoaren saria, aldiz, El Pregon tabernak prestatutako Patokebab pintxoak eraman zuen: pita benetako ogia, bere zukuan espezie, tomate lehor eta cherry-tomateekin ondutako ahate-konfitaz betea eta hiru saltsa injekzioz lagunduta, ali-oli leun bat, kebab motako etxeko saltsa eta saltsa mina.

Lau pintxo horiek eraman dituzte Arabako Pintxoaren I Aste Nagusiko sari nagusiak. Atzo ospatu zen sari banaketa ekitaldia. Goizeko bederatzietan bildu ziren epaimahaiko kideak, urrezko, zilarrezko eta brontzezko pintxoak zeintzuk izango ziren aukeratzeko. Behin erabakia hartuta Gasteizko Montehermoso kulturgunean bildu ziren parte hartu zuten establezimenduen gehiengoa, Aste Nagusiko babesleak eta erakunde publikoak, saria zeintzuk eramango zuten jakiteko gogoz eta irrikaz.

Arrakastatsua, oso, izan da Arabako Pintxoaren I Aste Nagusia. Guztira 39111 pintxo saldu dira, antolakuntzak espero zituen 20000ko langa aisegaindituz. 236000€ bildu dira. Zifra horiek argi eta garbi erakusten dute ekimenaren arrakasta eta jendearen erantzun bikaina.

Gastrofestatik Sea Ostalaritzari eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, pintxoaren aste nagusiko epaimahai izateko aukera emateagatik eta Arabako hiriburua bisitatu dugun egunotan bertako pintxo bikainekin gozatzeko gonbita luzatzeagatik. Plazer handia izan da.