Nagusiaren Etxea: Arabako pintxoak

Murgiako Nagusiaren Etxea Hotel-Jatetxea, leku berezia dugu, Arabako herri honetako erdigunean eta Gorbea mendiaren magalean kokatua. Mende hasieran eraikia izan eta guztiz eraberritua dagoen eraikin batean kokatua, 14 logela dauzka bezeroen eskura, Murgia inguratzen duten paraje eta egonaldi bikain batekin gozatzeko aukera eskaintzen digutenak.

1994. urtean zabaldu zituen ateak Nagusiaren Etxeak, Ruben, Patxi eta Ana Gonzalez anai-arreben eskutik. Hiru anai-arreba hauek ostalaritzaren mundua gurasoen eskutik ikasi zuten, lehenik Berantevillako Lola Erreteegian eta jarraian Gasteizko S.D. Estadion. Bi esperientzi hauen ondoren erabaki zuten euren bideari ekin eta Murgiako Nagusiaren Etexa martxan jartzea, gainera lanak banatuta: Ruben sukaldean, Patxi jantokian eta Ana hotelean.

Hotel-jatetxe honetan bi sukaldearitza mota dastatzeko aukera izango dugu. Alde batetik, tabernan, miniaturazko sukaldaritza bikain batekin gozatzeko aukera izango dugu, sari asko jaso dituen pintxoen sukaldaritza batekin. Jasotako sarien artean dauzkagu besteak beste: Urrezko Pintxoa, Bizkaiko Txapelketako txapela, Euskal Herriko Txapelketa Label pintxo onenarena, eta Arabako patata-tortilarik onenaren saria. Begientzako ikuskizun bikaina da asteburuetan izaten duten barra.

Pintxo tradizionalen artean aukeratu ditzakegu prestatzen dituzten 8 tortiletatik edozein, patata, hegalabur, zainzuri berde edo patata eta txorizoa dituena horien artean; urdaiazpiko, tomate eta piper berde edo kantauriko hegaluze edo antxoa bokadilotxoak; edota edozein pintxo barretan falta ezin daitekeen gilda. Baina hauetaz gain, sarituak izan diren pintxoak ere dastatzeko aukera ematen digute Nagusiaren Etxean (saritutako 5 pintxo dastatzeko aukera dugu 20€ren truke): arkume mini-hanburgesa; ontto capuccinoa; txahala carpaccioa patata krema fin ureztatutako arrautz gorringo eta boilur beltzarekin; Idiazabal zopa, arrautz gorringo, boilur beltza eta gailur zainzuriarekin.

Honekin batera, jantokian euskal sukaldaritza tradizionala eskaintzen digute, etxeko sukaldariak ematen dion ikutu berezi batekin, gerturatzen den jendeak errepikatuarazten duena.

Kartan aurki ditzakegun platerren artean dauzkagu: bakailao eta piper erreen entsalada; ahate eta foie entsalada; sekretu eta presa iberiko parrilada; konfitaturiko pil-pil bakailaoa gelatinizaturiko kokotxa eta piper konfiturarekin; bakailao kokotxak pil-pilean; rape Ondarroako erara; suflaturiko otarrainxkak; barazki panatxea; txuletoi edo azpizuna parrilan; txerri masail iberikoak perretxiko izozkiarekin; eta goxua, tiramisua edo browniea bezalako etxean eginiko azkenburukoak.

Nagusiaren Etxean egonaldi bikainaz, ingurune zoragarriaz eta sukaldeko eta gastronomia esperientzia ezin hobeaz gozatzeko parada izango dugu. On egin!

Izena: Nagusiaren Etxea

Helbidea: San Martin 2 (Murgia-Araba)

Telefonoa: 945462528

Itxi: Inoiz

Jantokia: 1 100 pertsonentzat / Kristaldun terraza 1 100 pertsonentzat

Salneurria: Karta 30€ / Pintxoa 1,80-3€ / Saritutako pintxoen menua 20€

Argazkia: Eva Pascual