Nestor: gora bizi osoko tabernak!

Berriro ere barneratu gara Donostiako Alde Zaharrean, bertakoekin eta bisitariekin nahastuta, kultura eta hizkuntza anitzen nahasketaz gozatzen, gaur hona ekartzeko txoko gastronomikoaren bila. Txoko hori Pescaderia kalean topatu dugu. Auzoko taberna tipiko horietariko bat, bere historia propiodun taberna bat, eta fama handiduna, Bar Nestor.

Atetik begiratu eta burura datorkizun lehen ideia: “Donostian ohikoa den taberna bat, txikitero kuadrila, bizi osoan zehar bildutako bezeroak, barra txiki bat eta ez askoz gehiago”. Baina belarria findu eta hizkuntza desberdinak entzuten hasten zara, turistak daudenaren seinale. Eta jateko deiadarra egiten dizuten txuletak bata bestearen atzetik ateratzen ikusten dituzunean konturatzen zara toki berezi batean zaudela, ez auzoetako taberna ohiko batean, ez, gure hiriburuko txoko gastronomiko berezi eta onenetariko batean zaude.

Nestor Morais Garcia eta Pilar Senra Lizarazu dira Bar Nestorren arrakastaren erantzuleak. 34 urte daramatza tabernak bere sukaldaritzaren bitartez gozarazten. Nestorrek bizi osoa darama ostalaritzan lanean, 16 urte zituenetik dabil zerbitzari lanetan. 1971an hasi zen Casa Alcalden lanean, garai hartan non ohikoa izaten zen urdaiazpiko iberikoko 8000 otartekotik gora saltzea. Ondoren, Beti Jai eta Bernardon lanean aritu zen, Nestorreko ateak zabaldu zituen arte, bere emaztearekin batera, ostalaritzaren sekretuak bikain ezagutzen dituen beste ostalari handi bat.

Bai tabernak dituen mahaietako batean eserita, edo barran zutik, produktu bikainak dastatzeko aukera izango duzu, eskaintza bera da bezero guztientzako, baina a ze eskaintza!!!! Hasteko Guijueloko iberiko sorta ederra. Jarraitzeko hitzik gabe uzten zaituen tomate entsalada, aukeratutako tomateekin prestatua, denboraldian Getaria eta Uliatik ekarria, eta bestela negutegietan bildutakoa, bikaina ere. Gozatzen jarraitzeko Ibarrako pipar edo Gernikako piper frijituak, a ze kutixia!

Eta iritsi da denok zain zeundeten momentua, Asensio txuletaren ordua. Otorduarekin hasi aurretik bi txuleta erakusten dizkizute zuk gehien gustatzen zaizuna aukeratu dezazun. Ikusi bezain pronto hasten zara horiekin ametseetan, baina bere puntuan atera eta lehen mokadua ahoan sartzen duzunean inguratzen zaituen guztiaz ahaztu eta soilik gozatu egiten duzu, bere zapore eeta ehundurarekin, txuletarekin. Gozamen hutsa, bikain prestatua.

Gure buruari eman diogun merezitako sukaldaritza omenaldi hori amaitzeko gure herriko edo Zamorako gazta eta Tolosako teila eta zigarrotxoak ditugu.

Baina bada beste momentu handi bat Nestorren, egunean bitan ematen dena, eta hori, patata tortilaren zerbitzua izaten da. Egun osoan bi tortila prestatzen dituzte. Lehenengoa eguerdiko 13tan ateratzen dute eta bigarrena 20tan. Komenigarria izaten da aldez aurretik joan eta zerrendan izena ematea, sukaldetik ateratzen denerako salduak izaten baitituzte tortila bakoitzetik lortzen dituzten 16 pintxoak. Bizi osoko errezeta errespetatuz prestaturiko patata tortila bat dugu, arrautza, patata eta tipularekin, amonaren errezeta jarraitzen duena, baina nola prestatzen duten Nestorren.

Bere menuaz edo patata tortilaz gozatzeko bada ere zuen agendetan idatzi ezazue: “Bar Nestor bisitatu”. On egin!

Izena: Bar Nestor

Helbidea: Pescaderia 11 (Donostia)

Telefonoa: 943424873

Itxi: Lunes

Salneurria: Karta 25-35