Olano Harategia, Beasaingo odolkiaren erregea

Zortzigarren aldiz 29 urteetan, Olano Harategiak irabazi zuen atzo ospatu zen Beasaingo Odolkiaren dastatze lehiaketa. Zortzigarren txapel honekin, Olano Harategia, Beasaingo lehiaketako jaun eta jabe izaten jarraitzen du, txapelketa ospatzen denetik txapel gehien irabazi dituen odolki ekoizlea baita.

Atzo, Olano familia guztiarentzat, egun handia izan zen, txapelketa irabazita, ahalik eta ikuturik onena eman zioten 2013. urte honetan ospatzen duten 50 urteurrenarentzat. Duela 50 urte ireki zituen bere ateak Olano Harategiak eta urte berean hasi ziren odolkiak egiten Josema Olanoren aita eta ama, Andres eta Isabel.

Eguerdiko 13.00 aldera eman zuen Joxe Felipe Auzmendik, Beasaingo Pergolen frontoian bilduta zegoen jendearen ahotan zebilen albistea. Olano Harategiak irabazi zuen Beasaingo Odolkiaren XXIX dastatze-lehiaketa, 612 punturekin. Bigarren postuan, 545 punturekin, Beasaingo Julian Mujika ekoizlea geratu zen, iazko txapelduna eta hirugarren sailkatu zen Ezkio-Itsasoko Deba. Aipatzekoa da, lehenengo eta bigarren sailkatuaren arteko puntu diferentzia, azken 10 urteetan emandako handiena dela.

Sari-banaketan parte hartu zuten, Beasaingo Udaleko Mari Mar Eceiza, Bareak Elkarteko Mari Jose Urretabizkaia eta Beasaingo Odolkiaren Kofradiako lehendakari Martin Urkiola eta “gran maestre” Txiflo Apalategui. Josema Olano, Isabel Imaz eta Loinaz Usabiagak jaso zituzten sariaren 300€ eta garaikurra. Bi sari hauez gain, Olano Harategiak, hurrengo otsailaren 5ean ospatuko den, Odolkiaren Kofradiako egun handirako odolkia prestatzeko ardura eta ohorea izango du.

Epaimahaian lanean aritu ziren gastronomiarekin lotura duten 32 pertsona, horien artean, Roberto Ruiz, Juan Manuel Garmendia eta Joxi Urkiola sukaldariak eta Ricardo eta Nicolas Remiro, gazta urteko protagonista handienak

Goiz bikain batekin gozatzeko aukera eskain zigun eguraldiak. Jende asko bildu zen Beasainen odolkia dastatu eta azoka bereziaz gozatzeko prest, non besteak beste, barazkiak, odolkiak, gozokiak eta kontserbak erosi ahal izan zituzten bertaratutakoek.