Principe de Viana: barazkien omenez

Aste honetan Murchante bisitatu dugu, Tudelatik gertu dagoen herri bat, bertan dagoen Principe de Viana jatetxeko barazkiekin gozatzeko. Jatetxea, izen bereko upategian dago kokatua eta bertan Nafarroako baratzek ematen dizkiguten produkturik onenak dastatzeko aukera izango dugu.

Duela sei urte iritsi ziren Principe de Vianara Jose Aguado eta Rosa Maria Sada bikotea, Ferial Bardenas jatetxetik. Abentura berri honetan beraiekin batera hasi ziren Paula Aguado eta Jose Aguado Sada, gaur egun sukaldeko zuzendaritza daramana, Luiz Irizar sukaldaritza eskolan, eta Tubal eta Rodero jatetxeetan lanean aritu dena, Murchantera iritsi aurretik.

Barazki eta baratzeko produktuak dira Principe de Vianako sukaldeko protagonista nagusienak. Urte osoan, eurek kudeatzen duten baratzetik jasotzen dituzte produktuak, horretaz gain, denboraldiko produktuak lantzen dituzte, denboraldiko barazkien dastatze menua eskaintzen digutelarik. Gainera, nafar sukaldaritzako plater tipikoak dastatzeko aukera izango dugu.

Barazkiak izanik protagonista nagusi, lehenik eta behin neguko barazkien dastatze menua aipatuko dugu. Urteko sasoi honetan, barazki sorta ederraz gozatzeko aukera daukagu, udaberriarekin konparatuz adibidez. Menuan ondorengo platerak aurkituko ditugu: txikoria, kukulu, kardu gorria eta apio entsalada; egositako tipulak mihilu purearekin; zerba mami-orria tenpura berdean; egositako borraja, patata eta oliba olio birjinarekin; frijitutako orburuak baratxuriekin; ketutako bexamela duen brokoli-kaneloia; eta egositako kardua almendra eta mahaspasekin. Barazkiei eginiko omenaldi izugarri, bikain eta zoragarria.

Dastatze menuaz gain, Principe de Vianan, denboraldiko barazkiekin prestaturiko plater goxoaz gozatzeko aukera izango dugu, besteak beste, txikoria eta kardu gorri entsalada kantauriko antxoekin; kukuluak hegaluzearekin; orburu frijituak baratxuriekin; orburu egosiak, txerri-hanka eta haragi-saltsarekin; edota kardua txipiroiak plantxan eta mahaspasekin.

Kartan barneratuz gero, nafar eta euskal sukaldaritzako plater bikainak aurkituko ditugu, Jose Aguado semeak Luis Irizar handiaren eskolan pasatako orduek eraginda. Sarrerakoetan aurkituko ditugu bakailao-tortila, ontto-nahaskia eta foie, sagar-konpota eta Modena gurina hostopila. Lehenengo plateren artean dasta ditzakegu bardeetako barraskiloak, tartufoarekin erretako denboraldiko barazkiak edota tomatea, piper-gorria, bakailao, arrautza eta albahaka ikutuak dituen tinbala. Oraindik bigarren plater bikainez gozatzeko aukera izango dugu, hala nola, esne-arkume hanka errea, patorriloa eta ajoarrieroa otarrainxkarekin. Guzti horri amaiera ederra emateko, eskaintzen dizkiguten etxeko postreetako edozein aukeratu dezakegu.

Barazkiak edota ondo jatea gustatzen zaizuen orok, beste puntu bat duzue gastronomiaren mapamundian, Murchanteko Principe de Viana. On egin!

Izena: Príncipe de Viana

Helbidea: Mayor 191 (Murchante)

Telefonoa: 606360081 / 670353155

Jantokia: 1 para 80 comensales

Zabalik: Eguerdi oro eta larunbat gauak. Gainontzeko gauetan erreserba eginez gero.

Salneurria: Karta 35-45€ / Barazkien dastaketa menua 25€