Principe de Viana: Gora barazkiak!

Nafarroako barazkien sukaldaritzaren tenpluetako bat dugu Principe de Viana jatetxea. Murchanten kokatua, jatetxea Principe de Viana upategiaren barruan aurkitzen da. Upategian, Nafarrako Jatorrizko Izendapenaren ardoak egiten dituzte, zazpi ardo desberdin, honako mahats-mota hauekin eginak: tenpranilo, garnatxa, cabernet sauvignon, merlot, viura eta chardonnay.

Sukaldea eta jantokia Aguado-Sala familiak zuzentzen ditu. Sukaldean Jose, aita-semeak ditugu; bitartean, jantokian lanean aurkituko ditugu Rosa Maria, ama, eta Paula, alaba. Bikotea Murchantera Ferial Bardenasetik iritsi zen. Bien bitartean, Jose, semeak ibilbide garrantzitsua egin du sukaldaritzan, besteak beste, Luiz Irizar sukaldaritza eskolan, Tubalen eta Roderon aritutako da.

Bere webgunean irakurtzen dugu: jatetxea espezializaturik dago Nafarroako Erriberako benetako izar direnekin, barazkiekin, prestaturiko platerretan, denboraldiaren arabera etenik gabe aldatzen dena. Barazkiak dira sukaldeko protagonista, euren baratzean propio landatzen dituzten barazkiak, eta bazkari edo afaria, barazkiei eginiko omenaldi bikain bat bihurtzen dutena.

Udaberriko menuan, urte garai honetan, baratzetako errege diren hainbat barazki dastatzeko aukera izango dugu. Nafarroan egonda ezin ziren zainzuriak ezta orduburuak falta. Gure lurrari eginiko omenaldian honako plater hauekin gozatuko dugu: denboraldiko entsalada kukulu, orburu, marinaturiko zainzuri eta tipularekin; gisaturiko tipulak Jamaikako piperrauts usain eta mihilu-purearekin; zainzuri frijituak; orburu frijituak baratxuriekin; salteaturiko ilar eta habatxoak perretxiko eta erretako patatekin; zainzuriak oliba-olio birjinarekin; eta Tuterako menestra. Menu bikaina, ikusgarria eta zoragarria, Nafarroako lurrak ematen dituen barazki bikainei omenaldi ezin hobea.

Dastaketa menuko platerrekin batera aurkituko dugu denboraldiko produktuekin honako plater sorta ederra: kukuluak hegaluze bentreskarekin, zainzuriak bere lurrean, zainzuriak tenperatura baxuan egositako arrautz eta bere egoste saltsarekin, menestra likidoa trufaturiko arrautz gorringo likidoarekin, orburuak urdaiazpikoarekin eta orduburuak onttoekin.

Baina ez dira soilik barazkiekin hornitzen Principe de Viana jatetxean, protagonista nagusi diren arren. Udaberriko barazkiekin batera, Black Angus txahal eta idi haragia aurkezten digute. Eskoziatik ekarria, munduko haragirik onenetarikoa dugu hau. Zapore handikoa, leuna eta zuku asko duen haragi bat da.

Kartan murgilduz gero nafar eta euskal sukaldaritzaren plater esanguratsu batzuk aurkituko ditugu: bakailao-tortila; ontto-nahaskia foierekin; foie, sagar-konpota eta Modena gurin hostopila; bardeetako barraskiloak; denboraldiko barazki salteatuak tartufoarekin; tomate tinbala piper gorri, salteaturiko bakailao, arrautza eta albahaka ikutuekin; arkumearen paletila errea; patorriloa; ajoarrieroa otarrainxkekin. Eta amaitzeko ez dago eskaintzen dizkizuten etxeko postreetako bat dastatzea bezalakorik.

Barazkiei oda bat, barazkiei omenaldi bat eta barazkien ikuskizun bat biziko dugu Murchanteko Principe de Viana jatetxean. On egin!

Izena: Príncipe de Viana

Helbidea: Mayor 191 (Murchante)

Telefonoa: 664784988 / 670353155

Jantokia: Bat 80 pertsonentzat

Ireki: Eguerdi oro eta larunbat gaua. Gainontzeko gauetan enkarguz.

Salneurria: Karta 35-45€ / Barazkien dastatze menua 25€