Route 33 Gourmet, plan ezinhobea Alegian

Gaur eskaintza berezi eta interesgarri bat dakarkizuegu motxila barruan. Udazken giro eder honetan, Tolosara eramango zaituzten trena hartzera gonbidatzen zaituztegu. Gipuzkoa barruko herri honetan jaitsi, eta Oria ibaiaran laguntzarekin, Alegia bitarteko kilometro apurrak egin ditzakegu. Herri sarreran dagoen Bazurka Industrialdean aurkituko dugu Route 33 Gourmet taberna-jatetxea. 2012ko abenduak 14ean zabaldu zituen establezimendu honek, eta egun bikain eta bete batekin gozatzeko aukera eskaintzen digu, bere baitan biltzen baitira, taberna-jatetxea, delikatessen dena eta ogiaren museoa, guztia Ogi Berrik kudeatuta.

Route 33 Gourmet-ek bi profesional handi ditu sukaldean eta zerbitzari lanetan. Sukaldeko lanetan, orkestra zuzendari, Felix Garrido dugu. 20 urte daramatza Felixek sukaldean sartuta, bere lehenengo urratsak 1992. urtean eman zituen Arzak jatetxe bikainean. Jatetxe donostiarreko oporraldiak baliatuta, El Bulli, Raco Can Fabes edota Martin Berasategui bezalako jatetxean aritu zen bere jakituria zabalduz. Hainbat jatetxetan ibili ostean iritsi zen Route 33 Gourmetera. Zerbitzariak edota barra zuzentzen agertzen zaigu Tito Lazaro, ostalaritzan 10 urte daramatzan profesional gaztea, besteak beste, Venta del Curro eta Gandarias Jatetxean 8 urtez aritutakoa, Alegira iritsi zen arte.

Alegiako taberna-jatetxe honetan esakintzen diguten sukaldaritzan barneratuko bagina, lehenik eta behin aipatu beharko genuke, bi sukaldaritza eskaintza desberdin biltzen direla bere baitan, bata barrakoa, sukaldaritza informala deritzoguna gure orri honetan; eta bestea, karta sukaldaritza. Baina orohar, plater guztien oinarrian euskal sukaldaritza aurkituko dugu, hori bai, Felixek emandako bere ikutu bereziarekin, plateretan islatzen duelarik urte luzetako ibilbide oparoa eta ikaskuntza. Protagonista handiak dira denboraldiko produktuak.

Karta aukeratzen badugu, bertan aurkitu ditzakegu maila handiko hainbat plater, besteak beste: perretxiko raviolia onttoekin, txipiroi entsalada tomate errearekin, txangurroz beteriko legatza eta txipiroi tinta, legatza saltsa berdean, Tolosaldeko antxume errea, baserriko oilaskoa edota hezurrik gabeko txerri iberiko saiheskia parmesanoarekin. Postre guztiak, Ogi Berrik eginak dira, zeintzuen artean aurkitzen ditugun pantxineta, tarta izoztua edo saint honore tarta. Gutizi guzti hauek ogi sorta eder eta bikain batekin lagundu ditzakegu, Manantial txapata, beira ogia, alemaniar ogia edota Txabola ogia, adibidez.

Mokadutxo bat egin eta sukaldaritza “informalarekiko” apostua egiten badugu, Beasaingo Olano Harategiko odolki edo mondejua; urdaiazpiko egosiz eta gaztaz beteriko orri-mamia; patata, baserriko arrautza eta iberiko xerra txapelduna; Kobe mini-hanburgesa eta txipiroia plantxan bezalako pintxoetako bat eskatu dezakegu. Urdaiazpiko iberiko, bentreska eta antxoa tostetatik bat aukeratu dezakegu ere. Beste aukeretako bat dugu, ravioli, txipiroiak plantxan edota urdaiazpiko iberiko anoak dastatzea. Azkenik, ganba edota olagarro entsaladen aukera geratzen zaigu.

Taberna-jatetxearen ondoan, Route 33 Gourmeteko delikatessen denda dugu, Ogi Berrik kudeatua, baina, Lukas-en aholkularitza duena. Bertan kalitate handiko produktu eta ardo sorta ederrarekin egingo dugu topo. Denda, tabernaren ondoan egonagatik, bertako edozein produktu erosi eta tabernako mahaietan dastatzeko aukera ematen digute. Ardoarekin berdina egin dezakegu, upategiko eskaintzatik gustuko duguna aukeratu eta mahaian zerbitzatuko digute gustu handiz.

Eskaintza borobiltzeko, Route 33 Gourmetek, ogiaren historia ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu, bigarren pisuan kokatuta dagoen Ogiaren Museoari esker. Bertan, ogiaren alde osasungarria eta gure bizitzan hainbesteko presentzia duen produktuaren historia, 5000 k.a. gaur egun arte, ogia egiteko prozesua eta banaketaren hastapenak kontatzetik, Altuna familiaren, Ogi Berriren sortzaileak, historiarekin amaitzera. Ikusi dezakezuen bezala, egun bete batekin gozatzeko aukera eskaintzen digun toki baten aurrean aurkitzen gara, esperientzia gastronomiko bikain batekin batera. On egin!

Izena: Route 33 Gourmet

Helbidea: Pol. Bazurka 1 (Alegia)

Telefonoa: 943698604

Jantokia: 100 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Karta 25-30€ / Eguneko menua 15€ / Asteburuko menu berezia 22€ / Eguneko platera 8,50€

Argazkia: Diario Vasco