San Tomas: txistorrari omenaldia

Abenduak 21. Gorriz markaturiko eguna donostiar egutegian. Txistorraren usainak, Donostiako txoko guztiak beteko ditu. Biharkoan aukera izango dugu euskal gastronomiaren produktu bikain hau pintxo, otarteko edo taloan dastatzeko. San Tomas azoka ospatuko da eta Donostian.

Produktu bikain honen sekretuak ezagutzeko gerturatu gara, txistorra onena egiten duen harategira, Intxaurrondoko Pierre Harategira. Urte asko dira Pierre eta Kontxik txistorra prestatzen dutela. Produktu hau maite dutenen peregrinazio puntu ere bihurtu da eta urtero badaude txistorra erostera soilik gerturatzen direnak. Egiten duten txistorraren maila handiaren erakusgarri dira, San Tomaseko Txistorra Txapelketan eskuratutako 8 txapelak.

Gaur arratsaldean biekin hitz eginda, gogora ekarri digute irabazi zuten lehenengo txistorra txapelketa hura, Donostiako Udaletxeko beheko aldean ospatu zena. 30 urte atzera egin behar dugu lehenengo txapelketa hori gogoratzeko. Bertan, parte-hartzaile bakoitzak, egindako txistorra eramateaz gain, txapelketara eraman behar zituzten sukaldea, bonbona eta zartagia. Bakoitzak frijitzen zuen bere txistorra. Zenbat aldatu diren gauzak ordutik. Bihar, Euskal Herriko Txistorra Txapelketako lehiakideek, txistorra aurkezteaz soilik arduratu behar dute, antolakuntzako kideak direlarik txistorra frijitu eta epaimahaiari aurkezteaz arduratzen direnak.

Intxaurrondoko Pierre Harategira itzulita, urtean 500kg txistorra prestatzen dituztela esan digute, baina pixkanaka-pixkanaka. Kilo kopuru txiki bat prestatu, harategian kokatu eta guztia saltzean, denbora askorik behar ez dutela, beste kopuru txiki bat prestatzen dute, horrela 500kg egin arte. Baina txapelak eskuratu eta txapelketak irabazten zituzten garaian, Pierre eta Kontxik 1000kg txistorra prestatzen zituzten. Dena saltzen zuten! Arrazoia argi dago, txistorra onena prestatzen dute eta!

Eta zein sekretu dauka Pierren txistorrak onena izateko? Hori ez dizuegu kontatuko, inork ideia kopiatu eta txistorra on honen errezeta berdindu ez dezan. Baina txistorra prestatzeko modua kontatu digute gaur arratsaldean izan dugun solasaldian. Prestaketarako erabiltzen dituzte txerri-haragia, piperrautsa, baratxuria eta ura. Osagai guzti hauek batu eta mimo handiz nahasten dituzten, amasadora baliatuz, baina nahasketa asko irauli gabe, gero enbutidoa egin ahal izateko. Behin prest dutela, harategiko gune pribilejiatu batean kokatu eta hor uzten dituzte eroslearen zain, freskotasun guztia gordez.

Lerro hauek baliatu nahi ditut, zuek guztiak Intxaurrondora gerturatu zaitezela animatzeko. Pierre eta Kontxiren txistorra dastatzea ezinbestekoa duzue gastronomia zale guztiok, onena baita. Baina azkar ibili beharrean zaudete, uztailean erretiroa hartu eta harategia utziko baitute. Beraz, zazpi hilabete besterik ez zaizkigu geratzen gure gastronomiaren ikur den produktu bikain honekin gozatzeko.

Beste guztioi, San Tomas egun bikain batekin goza ezazuela desio dizuegu. Aldi berean, gonbita luzatzen dizuegu, bihar egun osoan zehar Gipuzkoa Plazan kokatua egongo den karpara gerturatu, eta bide batez, Euskal Herriko Txistorra Txapelketako ikuskizunaz gozatu eta horrekin batera, Zaporeak Proiektua laguntzeko, karpan bertan egongo den postuan bokadilo bikain bat dastatuz.