Sariak Bereziartuarentzat

Euskal sagardoa zorionekoa dugu. Txotx denboraldi arrakastatsu baten amaiera iritsita, orain hasten da kupeletik zuzenean dastatu eta gozatutako sagardoa botiletan gozatzeko momentua. Urtetik urtera kalitatea hobetzen doan heinean nazioartean sariak biltzen hasi dira euskal sagardogileak.

Horren ereduetako bat dugu Bereziartua Sagardoa, gastronomia txoko honetara ekarri genuena txotx denboraldiarekin irekierarekin batera, bertan ospatu baitzen urteroko irekiera ekitaldia, Sagardo Berriaren Eguna.

Astigarragako sagardotegi honetan egiten duten goi mailako sagardoaren erakusgarri dira azken egunotan nazioartean jaso dituen sariak:

1.- Pomme D’or de Frankfurt: lehiaketa honetan Bereziartua eta Bereziartua Gourmet sagardoak sagarrarekin egindako sagardoaren mailan izan ziren sarituak.

2.- Great Lakes International Cider and Perry Competition (GLINTCAP): lehiaketa honetan Bereziartua sagardoa Espainiako sagardoaren mailan aurkeztu zen (Euskal Herria eta Asturias) eta aurkeztu zirenen artean urrezko domina eskuratu zuen bakarra izan zen. Aipatzekoa da ekitaldian banatu ziren 168 dominetatik 8 bakarrik izan zirela urrezkoak. Bereziartuak lortutako balentria ez zela edonolakoa izan erakusten duena.

Lerro hauek baliatu nahi ditugu Bereziartua familiari gure zorionik beroena bidaltzeko, sari horiek urteetan egindako lan bikaina indartu eta saritzen dute, urtetik urtera sagardo onarekiko apostuan lan egiten jarraitzera bultzatzen ditu, maila goreneko sagardoa eginez, gozatu duguna, gozatzen duguna eta gozatuko duguna. Bejondeizuela! Zorionak!