Sebastian: itsasotik portura

Donostiako portuan barneratuz gero, donostiar eta itsasoko sukaldaritza dastatzeko hainbat jatetxerekin egingo dugu topo, itsasoko aireaz eta ikuskizunaz gozatzen dugun bitartean. Hainbat terraza dituzue aukeratzeko, baina guk, oraingoan, Sebastian aukeratu dugu jomuga.

Mahaian eseri eta Iosu Iraregi etorri zaigu agurtzera, familiako laugarren belaunaldia eta 2014. urteko hasieratik jatetxearen ardura daramana. Luis Irizar eta Arendariz Sukaldaritza Eskoletan ikasten aritu ostean, 2005ean hasi zen Sebastianen lanean, bere aitarekin batera. Aipatzen digu nola bere birramona Pantxika aitzindaria izan zen Donostiako portuan arrainak parrilan erretzeari dagokionez, horretarako gas parrila berezi bat erabiltzen zuen Pantxika jatetxean, 1945. urtea zen hura. 1962

Sebastianen euskal sukaldaritza tradizional bikain bat dastatzeko aukera izango dugu, baina bere kokapena dela eta, protagonista nagusi era askotan prestaturiko arrainak eta itsaskiak dira. Beti saiatzen dira erabiltzen duten produktu freskoari ahalik eta probetxu gehien ateratzen, gerturatzen den orok gozatu dezan euren gastronomiarekin.

Kartan murgilduz gero, sarrerakoei dagokionez itsasi sorta ederra eskaintzen digute, besteak beste: ganba txuriak plantxa, zanburinak, otarrainxkak parrilan, txirlak, txangurroa edo zigalak. Itsaski freskoaren ikuskizun hori lagunduz, arrain zopa bikain bat eta kokotxak, arrautzeztatuak edo saltsa berdean jan ditzakegunak.

Kartako alderdi garrantzitsuenetakoa dugu arrainena. Guztiak freskoak dira, eta, nahiz eta, eskaintza finko bat duen, urtaroaren eta hilabetearen arabera badago aukera denboraldiko arrainen bat edo beste bat aurkitzekoa. Arrainetako asko parrilan egiten dituzte, baina ez da ikatz parrila bat, Pantxika erabiltzen hasi zen gas parrila berezi bat erabiltzen dute, horren bitartez, lortzen dute arrainak askatzen duen zuku guztia mantendu eta, ondoren, arrainak lagunduz zerbitzatzen diren saltsak egiten dira.

Hori esanda, dastatu eta gozatzeko eskaintzen dizkiguten arrainen artean daude: bisigua parrilan, erreboila parrilan, legatza arrautzeztatua, txipiroiak tintan edo plantxan, hegaluzea parrilan edo tomatearekin (denboraldia denean), mihiarraina, zapa edo meroa.

Euskal sukaldaritza tradizionalari eta itsasoko produktuekin eginiko sukaldaritza honi eginiko omenaldiari amaiera ezin hobea emateko etxean eginiko azkenburuetako edzein aukeratu dezakegu, betiko euskal errezetategitik ateratakoak. Horien artean, daude mamia, natila, arrozesnea, flana edo etxean eginiko tartak.

Ez da batere plan txarra Sebastian jatetxean eseri, Donostiako portuan sartzen diren itsasontzien joan etorriaz gozatu eta, aldi berean, Sebastianen prestatzen duten betiko euskal sukaldaritzarekin eta itsasoko sukaldaritzarekin disfrutatzea. On egin!

 

Izena: Sebastian

Helbidea: Paseo del Muelle 14 (Donostia)

Telefonoa: 943425862

Itxi: Asteartea

Salneurria: Eguneko menua 28€ / Karta 40-50€