Blog gastronomiko honetan, abentura berri bati ekin diogu. Abentura berri horretan, sukaldari jantzia soinean jarriko dugu hilabetean behin, guzti horrek beregain duen guztiarekin. Egunaren hastapenean menua osatzeko bilduko gara, behin prestatua dugunean erosketak egitera joan, sukaldeko arropak jantzi eta sukaldaritzaz eta gastronomiaz gozatzeko.

Guzti hau aurrera ateratzeko, sukaldari gazte baten laguntza daukagu, hasieratik gastrofesta.com bultzatu eta jarraitu duena eta bere ibilbidea hasieratik jarraitu duguna. Gaur egun, Donostiako Gandarias Jatetxean dabil lanean. Berau, Borja Vaquerizo da, eta Sukaldean sailaz baliatuko da, bere errezeta propioak ezagutzera eman eta argitaratuak izateko.

“Sukaldean” lehenengo egun honetan, iragan azaroak 15ean, bildu eta Donostiako San Martin merkatuan erosketak egin ostean, Borjak bost plater bikainekin gozarazi gintuen, Artzak Ortzeok elkarte gastronomikoan dastatu genituenak. Bertan bilduko gara “Sukaldean” saila aurrera ateratzeko.

Sukaldean-eko lehenengo menua ondorengoa izan zen:

- Olagarroa eta ali-olia

- Idiazabal Rissottoa eta urdaiazpiko hautsa

- Hegaluzea, tipula, tomatea eta piparrak

- Ahatea, ardo gozo saltsa eta patatak

- Fruitu gorrien zopa eta limoizko helatua

Hilabete honetan zehar azalduko dizuegun menu bikaina, guztiok goza dezazuen errezeta bikainekin zuen etxeko goxotasunean.

Plazerra izan da sukaldean aritzea Borja Vaquerizorekin.

Abenduan “Sukaldean” sailaren bigarren kapitulua, helburu argi batekin, gabonetako menu ekonomikoa prestatzea.