Telesforo: sukaldaritza ohitura

Aste honetan Zarautzera egingo dugu eskapada eta Telesforo Erretegia bisitatuko dugu, malekoia eta alde zaharraren artean kokatua, 1980. urteaz geroztik ditu ateak zabalik, 35 urte erraz esaten dira, ondo betetako 35 urte eta oraindik ere asko falta zaizkie bizitzeko.

Begoña Astiazaranek jarri zuen martxan jatetxea eta egun jatetxearen ardura familiako bigarren belaunaldiak darama, Oihana eta Joseba Azkue eta Jokin Zalduak osatzen dutena. Hiru pertsona horiek euren ostalaritza ibilbide osoa Telesforori lotuta eman dute, mundu horren sekretuak egunero ezagutuz, eta bisitariak gozarazteko moduak ezagutzen ere sukalde zein jantokian lan bikaina burutuz.

Telesforo Erretegian bazaldu edo afaltzera eseritzeak gure betiko sukaldaritzaren plater esanguratsuenekin gozatzea esan nahi du, gure sukaldeko historiaren esentziarekin, lortzen dute euren bi jantokietako batean eginiko bazkari edo afari bat gure gastronomiaren historian zeharreko ibilbide bihurtzea.

Bi dira jatetxeko eskaintzaren ildo nagusiak, bata parrila, non bikain erre eta prestatzen dituzten arrain eta haragiak; bigarrena denboraldiko produktu freskoak, maila goreneko lehengaiak, horietariko batzuk euren baratza propiotik hartuak.

Sarrerakoen artean aipatzekoak dira entsalada epelak, guztiak zoragarriak, besteak beste txipiroiena, onttoena edo olagarroarena, guk dastatu genuena izan zen azken hori eta benetan ikusgarria zela. Entsaladekin batera aipatzekoak dira arrain zopa, zeinak probatzen duten ororen laudorioak jasotzen dituen, etxeko frijituak edo iberiar sorta. Sarrerakoen eskaintza hori guztia denboraldiko produktu freskoekin osatzen da, baratzetik atereak, horien artean, piparrak, tomateak edo habak.

Kartan aurrera jarraituta arrain sorta goxo eta ederrarekin egingo dugu topo, horietariko asko parrilan eginak, gastronomiaren zaletu ororen gozagarri direnak, adibidez, erreboila, bisigua, zapoa, mihiarraina eta lupina.

Baina itsasoko eskaintza osoa ez da parrilan erretako arrainetara mugatzen, horietaz gain dastatu ditzakegu legatza frijitua edo saltsan, bakailao frijitua edo txipiroiak tintan edo plantxan.

Haragiei dagokionean hiru dira Telesforoko izarrak: saiheskia, azpizuna eta txuleta, bikain errea eta bere puntuan zerbitzatua, behatzak txupatzeko modukoa, kalitate gorenekoa eta begiak itxita dastatzera behartuko zaituztena.

Amaitzeko etxeko azkenburuko sorta ederra, besteak beste, gazta, sagar edo aran tarta; arrozesnea; esne frijitua, ohikoa ez den azkenburukoa baina bikaina aldi berean; natilak; eta mamia.

Telesforo Erretegiak gure sukaldaritzaren historia ibiltzeko aukera emango digu, parrilan erretako produktu bikainekin gozatzen dugun bitartean, hori guztia Zarautzeko erdigunean. On egin!

Izena: Telesforo Erretegia

Helbidea: Donibane Plaza 6 (Zarautz)

Telefonoa: 943830901

Jantokia: Bi 60 eta 20 pertsonentzat

Itxi: Negua: Igande gaua / Uda: Inoiz

Salneurria: Eguneko menua 10€ / Larunbateko menua 14€ / Karta 30-35€