Txokolo: tradizioan dago gakoa

Asko eta asko dira euskal errezetategi tradizionaleko platerrak eskaintzen jarraitzen duten jatetxeak, gure baserritar eta arrantzaleek ekoizten dituzten maila goreneko produktuak eskaintzen jarraitzen dutenak, antzina egiten ziren bezala prestatuak eta euskal sukaldaritza eta gastronomia maite dugun oro gozarazten digutenak. Donostiako erdialdean, Kontxako hondartzatik gertu eta Manterola kalean erdi ezkutatua dago Txokolo Erretegia. Erretegi tradizional bat, gure betiko sukaldaritzaren bikaintasunaren eredu, Ilarrameni-Aguinagalde familiari esker.

Iñaki eta Mari Carmen senar-emazteek jarri zuten martxan erretegia, antzina Orly Hotelaren garbitegia zen lokal berean, 1981. urteko abuztuaren 11ean. Iñakik jada bazuen abilezia kazola artean, elkarte gastronomikoan aritzea gustatzen baizitzaion (zein garrantzitsuak izan diren elkarte gastronomikoak gutako askoren sukaldaritzaren ikaskuntzan!), ostalaritzaren munduan aritzen hasi aurretik. Egun euren hiru seme, Asier, Iñaki eta Julenen laguntza dute eguneroko lanean. Txokolo Erretegia familia kontu bat da.

Eskailerak jaitsi eta tradizioa eta historia arnasten hasten zara, dekoraziak aspaldiko taberna eta jatetxeak ekartzen dizkizu gogora, dekorazio moderno eta minimalistetatik urrunduz. Txokolok euskal erretegi tradizional baten izaera mantentzen du, are gehiago, jantokian sartu eta parrila ikusten duzunean, non haragi eta arrain plater bikainak prestatzen dituzten.

Erretegi honek gure herriko sukaldaritzaren tradizioa mantentzen du, betiko euskal sukaldaritza bat eskainiz, bizi osan dastatu eta gozatu duguna, mimo eta maitasun handiz prestatua. Protagonista nagusi dugu parrila, non kutixi bikainak prestatzen diren, edozein gozarazten dutenak. Ezin ahaztu denboraldiko produktuekin, horiek ere euren tartea eta garrantzia dute kartan.

Karta begiratzen hasi eta, ai ama! hainbeste kutixiren artean zein aukeratuko dut nik? Sarrerakoetan eskaintzen dizkigute: onttoak plantxan arrautz gorringoarekin, ahobetehortz utziko zaituzten txipiroiak plantxan, denboraldian frijitzen diren piparrak, bentreska entsalada, orburuak urdaiazpiko eta baratxuri olioerrearekin (urte sasoi honetan dastatu gabe utzi ezin daitekeen platerretako bat) eta baratxuri eta bakailao nahaskia. Ezin zuen bakailao tortilak falta, etxe honetako erreferentzietako bat, hori bai kutixia!

Gure itsasotik ateratako arrain freskoek dute arrainen ataleko protagonismo guztia. Horiek guztiak parrilan prestatzen dituzte, adibidez, erreboila, bisigua, zapoa, legatz kogotea edo mihiarraina. Ezin zuten huts egin gure sukaldaritza tradizionalean ikur diren txipiroiak bere tintan. Baina utzi iezadazue Txokolon egon ginenean dastatu eta benetan gozatu genuen plater bat azpimarratzen, Txokolo eran eginiko bakailaoa, bere puntuan zerbitzatua kutixi bat dena.

Haragiei dagokionez erregea eta protagonista bakarra zaharraren txuleta dugu, parrilan bikain prestatzen dutena, bere puntuan errea dagoen txuletak ezaugarri dituen hiru koloreekin, Txokoloraino plater hori dastatzera gerturatzeak merezi du, nola merezi gainera. Entsalada, patata frijitu edo egurretan erretako piper zoragarriekin lagundu dezakezua txuletaren omenaldia.

Oturuntzako momentu gozorako etxean egiten dituzten azkenburuetako edozein aukeratu dezakegu, besteak beste, mamia, trufa, gazta edo sagar tartak; pantxineta, arrozesnea edo mamia.

Beti izango dugu 26€-ko menua aukeratzeko, non gure betiko sukaldaritzaren plater esanguratsuenetariko batzuk aurkituko ditugun, hala nola, arrain zopa, bakailaoz beteriko piperrak, bakailao frijitua piperrekin edo legatza arrautzeztatua.

Gerturatu zaitezte Txokolo Erretegira gure sukaldaritzaren betiko plater onenekin edota parrilan prestatzen dituzten kutixiekin gozatzeko, ni behintzat itzuliko naiz. On egin!

Izena: Txokolo Erretegia

Helbidea: Manterola 4 (Donostia)

Telefonoa: 943463491

Itxi: Igande gaua eta astelehena

Jantokia: Bat 70 pertsonentzat

Salneurria: Karta 35-40€ / Menuak 26€-tik aurrera