Txubillo: Japoniatik euskaraz

Aste honetan leku berezi, bitxi eta desberdin bat bisitatu dugu. Horretarako, ez gara gure hiritik urrundu, Kontxatik paseo bat eman eta Antiguoraino iritsi gara. Bertan, Matia kalearen hasieran, kalexka batean, Meson Txubillo aurkituko dugu. 1995az geroztik dauzka ateak zabalik, bere jantoki txiki, bezain xumean eseri den oro bere sukaldaritzarekin gozaraziz.

Hitoshi Karube eta Akari Karube dira jatetxearen arduradunak. Hitoshi Madrilen hartu zuen lur, gaztelania ikasteko, baina bere irakaslearen gomendioak jarraituz, Donostiara iritsi eta Luis Irizarren Sukaldaritza Eskolan hasi zen ikasten. Bertatik hasi zuen bere sukaldari ibilbidea; Txubillora iritsi aurretik, hainbat jatetxetan jardun zen, hala nola, Urepel eta Arantzazu Hotela (Martin Berasategui zegoenean), Girona eta Santiago hiriburuak ere bisitatuz. Akari, lehenik eta behin Italiara joan zen, bertako sukaldaritzaren sekretuak ezagutzeko asmoarekin, gero Donostiara ekarriko zuen hegaldia hartu eta Luis Irizar handiarekin sukaldaritza ikasketak egin ostean bere ibilbide profesionaleko abenturari ekiteko Hitoshirekin batera.

Txubillok erakarri egiten zaitu sarreran eusko-japoniar sukaldaritza eskaintzen dutela irakurtzen duten unetik beretik, horrek kuriositatearen alarma gorria pizten dizu eta bere ateak gurutzatzera eramaten zaitu. Sukaldaritza honetako protagonista nagusi ditugu gure lurreko produktuak, ikutu japoniarrek edota sukaldaritza metodo japoniarrekin prestatuak. Harritu eta harrapatuko zaituen sukaldaritza.

Txubilloko karta ez da oso zabala, gastronomia onaren zale den orori gustatuko zaizkion platerrak ditu oinarri, baina beti osatzen du bere eskaintza kartatik kanpoko eskaintzekin, non protagonista nagusi diren denboraldiko produktuak.

Sarrerakoen artean eskaintzen dizkigute denboraldik barazkien tenpura, otarrainxken brika edo tomate entsalada ahuntz-gaztarekin. Kartako plater horiekin batera, kartatik kanpo aukeratu ditzakegu hegaluze tatakia edo uron (japoniar pasta) entsalada gazpatxoarekin.

Arrainei dagokionez bikaina gainerretako bakailao baratxuri kremarekin, bakailao bere puntuan dago, ederra; plater horrekin batera dastatzeko aukera izango ditugu eguneko arraia piperrauts japoniarraren saltsarekin, horretarako, zapoa eta legatzaren gisako arrainak erabiltzen dituzten, merkatuan aurkitzen dituztenak, azken finean.

Kartan aurrera egin eta haragien arloa begiratuz honako plater hauek aurkituko ditugu: “Euskal Txerri” presa Miso Hacchou saltsarekin, ahate magret errea mango saltsarekin eta foie-grasa teriyaki saltsarekin. Horiei, kartatik kanpora gehitzen zaizkie arkume errea Japoniako barbakoa saltsarekin, Japoniako iparraldetik ekarritako errezeta bat, oso goxoa.

Ezin sushi dastaketarik faltatu japoniarren jatetxean, japoniar sukaldaritzaren ikur, edo hobe esanda, gure inguruan hobekien ezagutzen duguna.

Azkenik, eskaintzen dizkiguten etxeko azkenburuetako edozeinekin gozatuko dugu, te berdearen torrada, te berde pannacotta, txokolatezko browniea izozkiarekin edo Idiazabal gazta fruitu lehorrekin.

Euskal-japoniar sukaldaratzirarekiko eginiko apostu horren barruan, Txubillon ezin ziren pintxoak faltatu, Donostiako tabernetako ikur. Eskaintzaren artean aurkituko ditugu: bota no kakuni (txerri hirugihar gisatua), txistorra roilotxoa edo ahate pintxoa Miso Hacchou saltsarekin, kartan dauden platerretako mini-anoez gain.

Hau guztia upategiko kartan aurkituko dugun hamar ardo klasikoetatik edozeinekin busti dezakegu, Sake edo japoniar garagardo bikain bat dastatzeko aukera izateaz gain, norberaren gustuen arabera.

Japoniatik maitasun eta gogo guztiekin etorri ziren eta 20 urte daramatzate euren euskal-japoniar sukaldaritzarekiko apostuarekin gu gozarazten, gustatuko, harrituko eta erakarriko zaituzten apostua. On egin!

Izena: Mesón Txubillo

Helbidea: Matia 5 bajo (Donostia)

Telefonoa: 943211138

Jantokia: Bat 20 pertsonentzat

Itxi: Igande gaua eta astelehena

Salneurria: Karta 30€