Udaberriaren sekretuak

Urtaro lasai eta normalean euritsua izaten da udaberria, baina gastronomia eta sukaldaritzari dagokionean garrantzitsuenetako bat dugu. Gure biltegi berdeak bere perla onenak erakusten dituen momentua da. Baratzeko produktu nagusien garaia da, gure lurretan bata bestearen jarraian agertzen doazenak, hala nola: babatxoak; zainzuriak; orburuak; baratxuri freskoa; tipulinak; malko-ilar ñimiñoak (baratzeko erreginetako bat); leka mantentzen duten ilarrak, Frantzian gourmand ilarrak edo mange tout deiturikoak; negutegitik kanpo hazitako ziazerbak; mingarratz zorrotzak, eta naturak bere lurrean eskaintzen dizkigun beste hainbeste kutixi. Horietariko asko menestra edo panatxe bihurtuko dituzte sukaldariek, klasikoak, konplexuak edo modernoak, prestatzen dituen eskuaren arabera. Entsaladetan erabiltzeko osto berezien txanda da: iturri-belarra, asun basatia edo apur bat mikatza den sorgin-belarra. Guzti hauekin batera baso eta zelaietan perretxikoak ugaritzen doaz.

Ezin da galdu ere udaberrietako arraindegietako moda-desfilea. Aurrekari gisa datorkigu berdela, balioa handitu duena azken urteotan; ordezkaezinak diren antxoak, egunetan beharrean, orduetan zehar gozatzen ditugunak; eta barbarin bihurri eta hezurdunak, jatetxeetan hezurrak kentzeko lana hartzen dugu zuen gozamenerako, eta lana aurrezteko. Eta nola ez, urtaro hau dugu “erreka arrainen erregearen” aroa, izokin basatiarena; berriro ere, kutsaduraren mamua gainetik kenduta, gure inguruetako ur gozoak gobernatzen dituzte berriro ere. Eta nola ez, ezin ditugu aipatu gabe utzi arkumea, eta historia luzeko baina beti ere modan dagoen mamia, bere momentu egokian, maiatzetik-ekainera, jasotako ardi-esnearekin eginak.