Urgain: etxeko produktuen tenplua

Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatu beharreko gune bat dugu. Zumaiatik Mutrikuraino, Mutrikuko Flysch Beltza, Debako itsaslabar edo Zumaiako estratuak bisitatu ditzakegu; Debako Lastur edo Mutrikuko Astigarribia eta Olatz bailaretan barneratu edo Ekaingo kobazulok ezagutu; edota ingurune guztiko arkitektura eta kulturaren aberastasunaz gozatu.

Geoparkeak kalitate handiko produktu sorta ederra eskaintzen digu. Produktu hauek dastatu eta hauekin gozatzeko aukera eskaintzen digun gastronomia tenpluetako bat dugu Debako Urgain Jatetxea, non produktu hauek maisuki prestatzen dituzten.

Urgainek 1980. urtean zabaldu zituen bere ateak Xabier Osaren eskutik. Ibilbide luzeko sukaldaria dugu eta gaur egun zuku asko ateratzen jarraitzen du bere sukaldera iristen diren produktuei. Getarian aritu zen lanean urte askoan, Iribarren, besteak beste, baita Zumaiako Talaipen ere, non arrainak mimo handiz prestatzen ikasi zuen. Luis Irizarrekin ere aritu zen lanean, duela 34 urte, Debako Urgaineko ateak zabaltzea erabaki zuen arte.

Urgaingo sukaldean, euskal sukaldaritza tradizionala prestatzen dute, non produktuak diren zutabe nagusi, ingurukoak eta kalitate handikoak. Momentuan momentukoa zerbitzen dute, hauek ahalik eta freskoenak izan daitezen. Itsaskien haztegi bat dute, arrainak inguruko portuetatik ekartzen dituzte, barazkiak inguruko baserrietatik eta haragia Eibarko harategi batetik. Argi dago: etxean etxekoa. Sukaldetik ateratzen den oro, bertan eginikoa da, ez dute aurrez sukaldatutako produkturik erabiltzen.

Jatetxeko kartan murgiltzen bagara, sarrerakoetan aurkituko ditugu: etxean egindako foie-micuita, antxoak eta hegaluzea; denboraldiko barazkien panatxea; ilarrak, bainak edo denboraldiak eskaintzen dituen barazkiak; ontto edo perretxeiko entsalada epelak; itsaski egosiak edo plantxan eginak, horien artean, izkirak, zigalak, ostrak edo abakandoa; txirlak gordinik, plantxan edo saltsa berdean; edo kokotxak, arrautzeztatuak, pil-pilean edo plantxan eginak.

Kartan aurrera egiten badugu, arrain sorta eder batekin egiten dugu topo, guztiak kalitate handikoak eta mahaira iristen direnak, beti ere, merkatuak eta denboraldiak horrela uzten badu. Horrela, itsaskabra, erreboila, bisigua, legatza, mero zuria, edo gure portuetara iristen den beste edozein arrain, plantxan edo parrilan eginak.

Haragiei buruz kontuan izan behar den lehenengo gauza, euskal okela dela da, gure lurretan hazitako animalietatik eskuratua. Horien artean, plantxan edo parrilan prestatzen diren txuletak, azpizunak eta xerrak. Hauei, txahal isatsa saltsan eta baserriko oilaskoa gehitu beharko genizkieke.

Azkenik, euskal gastronomiaren omenaldi honi ahalik eta amaierarik onena emateko Urgaingo edozein etxeko azkenburukoen laguntzarekin egin dezakegu, hori bai, azkenburuko bakoitza bere garaian. Horrela, egiten dituzten 17 tartetatik edozein aukeratu dezakegu, trufazkoa, limoizkoa, gaztazkoa edo sagarra kanelakoarekin; torradak eta esne frijitua; mamia; edo Luis Irizarrengandik ikasitako piku biskuita intxaursaltsarekin.

Produktua, kalitatea eta goxotasuna dira Urgainen sukaldaritzaz gozatzeko hiru zutabeak; gerturatu zaitezte Euskal Kostaldeko Geoparkeko produktuekin gozatzera, ez zarete damutuko. On egin!

Izena: Urgain Jatetxea

Helbidea: Hondartza Kalea 5 (Deba)

Telefonoa: 943191101

Itxi: Astearte gaua (udaran egunero zabalik)

Jantokia: 1 50 pertsonentzat

Salneurria: Karta 70-80€