Venta Belauntza, goza dezagun tradizioarekin

Goiz osoa Tolosadeko mendi eta paisaia ederrekin gozatzen pasa ostean, momentua iritsi da atseden harta eta indarrak berreskuratzekoa. Horretarako, Tolosa eta Berastegi bitarteko errepidea hartu eta tartean, Belauntzan, errepide hau zeharkaten duten bidaiari askori bakaltzen eta afaltzen, urteak daramatzan jatetxe batean hartu dugu ostatu. Gogoan izan behar da, errepide honek lotzen zituela Gipuzkoa eta Nafarroa, eta bide horretan ezinbestekoa zen Venta Belauntzan geratu eta indarrak hartuz, beraien kazoletan sortzen ziren euskal sukaldaritza tradizionalaren plater bikainez gozatzea.

45 urte daramatza jatetxe hau zuzentzen Bengoetxea-Armendariz familiak, aitak, Amasako Arantzabi jatetxeko sukaldea, Venta Belauntzakoarengatik aldatzea erabaki zuenetik. Hamaika anai-arreben familia bat izaki, orain Encarna, Sole eta Itziar ahizpak dira jatetxearen ardura daramatenak, nahiz eta euren anai-arreba eta sendiaren laguntza eta babesa baduten.

Hainbeste urte zabalik daramatzan jatetxe bat izanik eta kokatua dagoen ingurunea kontuan izan ezkero, normala da bertara gerturatu eta hain ondo zerbitzatzen dituzten mahaietan eseri ezkero, euskal sukaldaritza tradizional bikain batekin gozatzea. Goxotasun eta maitasunarekin prestaturiko jaki gozoak dastatzeko aukera izango dugu, hiru emakumetan irudikatuta. Venta Belauntza, emakumeek gure sukaldaritzan duten garrantziaren islada argia da. Goxoki prestatzen duten euskal sukaldaritza horretan, garrantzia handia dute denboraldiko produktuek.

Venta Belauntzako kartan aurkitu ditzakegun platerak aztertzen hasi ezkero, sarrerakoetan aurkitu ditzakegu denboraldiko bazkariekin prestaturiko menestra, ontto laminatuak eta legatz pastela. Guzti horiei gehitu beharko dizkiegu denboraldiko produktuekin prestaturiko platerak, ilarrak adibidez.

Nahiz eta mendi eta larre paisai ederrez inguratuta egon arren, aipatzekoa da eskaintzen diguten arrain plateren kalitate eta aldaerak, hala nola, era desberdinetan prestaturiko legatza, arrautzaztatua, saltsan edo plantxan; labean edo arrautzaztutako zapoa; txipiroiak tintan edo Pelayo erara prestatuak; bizkaitar eran prestaturiko bakailaoa eta mihi-arraina.

Haragia protagonista duten platerak aztertzen jarriko bagina, plantxan prestaturiko saiheskia, azpizuna, entrekota, txuleta edota orain denboraldian, usoa, bezalako jaki bikainez gozatuko dugu.

Gozoa maite duten guztiak zorionekoak dira Venta Belauntzara gerturatzen badira, baina kontuan izan dezatela ez dutela lan erraza izango eskaintzen diguten azkenburukoen artetik bat aukeratzen, bertan aurkituko baititugu arrozesnea, flana, biscuit glassé txokolatearekin, aitak Amasatik ekarritako errezeta, natilak edota gazta, sagar edo goxua tarta, guzti horiek etxean prestatuak.

Historian zehar euskal sukaldaritza izan denaren muina mantentzen duen jatetxe baten aurrean aurkitzen gara. Produktu handiak, goxotasuna eta emakumeak protagonista diren leku paregaba bat.

Bisita ezazue, ez baitzarete damutuko. On egin!