Xera Gastroteka: sukaldaritzan ausardia

Ogia hartu, erditik zatitu eta beheko zatian ilarrekin, denboraldiko zainzuriekin eta potxaturiko tipularekin eginiko arrautzopila bat jartzen dugu, legatz xafla batzuk gehitzen dizkiegu gainetik, bi txirla eta baratxuri (almendra) eta pipermin (Gojiko baiak eskabetxean) tranpantojoak. Ogiaren goiko zatia saltsa berde likidoarekin busti eta hortxe duzue legatza koxkera erara ogi artean.

Ogitarteko hau Gipuzkoako onena izendatu dutela baliatuz Xera Gastrotekara gerturatu gara berriro “legatza koxkera eran” ogi artean dastatzeko asmo sendoarekin, gai badira gure sukaldaritzan hain esanguratsua den plater hori ogitarteko bihurzeko, zertarako gai izango dira?

Xeraren gidaritzan Iker Colino, kudeatzailea, eta Carlos Nuez eta David de la Calle, sukaldean, zeintzuek beren sukaldaritzarako maisutasunarekin Renteriara gerturatzen den oro gozatuarazten ari dira 2014ko apirilak 11z geroztik, urtebete eskax.

Carlos eta Davidek duela lau urte egin zuten topo Hondarribiako Goxodendan. Aurrez Carlosek Botarrin, ZM eta Asador Basquen lan egin zuen; bien bitartean David Roteta eta Alamedako sukaldeetan aritu zen, hori guztia Xera Gastrotekako abenturan elkarrekin murgildu aurretik.

Bada garaia sukaldaritzako bi maisu horiek zertarako gai diren argitzekoa. Euskal eta kataluniar sukaldaritzako produktu eta zaporeekin jolastuz prestaturiko sukaldaritza eskaini eta prestatzeko gai dira, sukaldaritza tradizionala baina ikutu kreatibo eta pertsonala emanez prestakuntza bakoitzari, sukaldetik ateratzen den plater oro usain eta zapore esperientzia bihurtzen delarik, plazer gastronomiko hutsa.

Tabernan pintxo hotzen sorta eder batekin egingo dugu topo, aipagarrienak, “Naci en el mediterraneo” escalibada hostopila ali oli eta butifarra tostarekin; aspic formatuan aurkezturiko bakailao esqueixada; Verako piperrautsarekin datorren olagarro eta patata entsaladilla latan; eta oilako erre eta arto mahonesa entsaladilla.

Anoen artetik azpimarratzekoa txipiroi frijituak ditugu, kartako erregeak, eta baita patatak mojo berdearekin ere. Eskaintza hau guztia, badakit irakurtzeari utzi eta bertara korrika ateratzeko puntuan zaudetela, pintxo bero gustagarri batzukin osatzen dute oilasko taloa, miniburgerra albahaka ogiarekin eta bieira azafrai eta boilur kremaren gainean.

Taberna geratu beharrean jantokian sartzea erabakitzen badugu, euskal sukaldaritza oinarri duen sukaldaritza abentura eder eta zoragarri bat biziko dugu, egunero aldatzen duten asteguneko menuarekin alde batetik, eta astero aldatzen duten asteburuetako batekin bestetik.

Ideia bat egin dezazuen, sarrerakoen artean topatu ditzakegu ontto eta perretxiko entsalada epela foie biruta eta udare purearekin; keturiko Idiazabal gaztarekin beteriko ravioli frijituak kalabaza eta bainila kremaren gainean; edota itsaski saldan gisaturiko potxak (horiek denboraldia denean, bestela beste lekari batzuekin prestatzen dute).

Arrainei dagokionean dastatu ditzakegu bakailao xerrak tenpuran pil pil eta piperradarekin edo labean eginiko legatza otarrainxka salda eta zitrikoen pil pilaren gainean. Haragiei dagokienean eskaintzaren artean ditugu tenperatura baxuan eginiko sekreto iberikoa Oporto saltsarekin edo hezurrik gabeko arkume jarretea bere zuku eta barazki menestrarekin.

Amaitzeko azkenburuko gozoen festibala, besteak beste, mandarina eta toffee tiramisua, txokolatezko torrada kurruskaria bainila izozki eta ezkai eta limoi kremarekin eta erretako sagar tarta edalontzian.

“Koxkero” ogitartekoa Xera Gastrotekak sukaldaritzan erakusten duen ausardiaren eredu da, sukaldaritza esperientzia bikain bat gozatuaraztera eramango gaituen ausardia bat. On egin!

Izena: Xera Gastroteka

Helbidea: Xabier Olaskoaga Plaza (Renteria)

Telefonoa: 943344875

Jantokia: Bat 30 pertsonentzat / Erreserbatu bat 10 pertsonentzat

Itxi: Taberna: Inoiz / Sukaldea: igandetik asteazkenera gauez

Salneurria: Astegunetako menua 20€ / Asteburuko menua 25€