XXIX Beasaingo Odolki Lehiaketa

Bihar, azaroak 2, ospatuko da Beasaingo XXIX Odolki Lehiaketa, beste urtebetez Beasain bihurtuko delarik barazkiz eginiko odolkiaren hiriburu. Jakina da, odolki mota hau gure sukaldaritzan Beasaingo Odolki bezala dela ezaguna, beraz ez da harritzeko lehiaketarik garrantzitsuena Goierriko herri honetan ospatzea.

Goizeko 11.30tan hasita, epaimahaia osatuko duten 32 kideek izango dute, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatutako lehiaketa honetan, odolki onena zein den erabakitzeko ardura. Epaimahaian bilduko dira sukaldari, kofradeak eta kazetari gastronomikoak.

Lehiaketa, Pergolen frontoian ospatuko da eta bertan odolki pintxoak dastatu ahal izateko postua ere jarriko dute, urteroko legez jende andana bildu eta arrakasta handia izango duena. Pintxoak 1€-ren truke erosi ahal izango dira, ardo tragoxka on baten laguntzarekin,

Txapelketarekin batera, goiz osoan zehar, bertako produktuak salduz eta erakutsiz azoka ospatuko da pasealekuan bertan, barazki, fruitu, ontserba eta gozo postuekin.

Larunbateko programa:

10:00Azokaren irekiera

11:30 Odolki-dastatzea eta lehiaketa

12:00 Odolki-pintxoak dastatzeko aukera

13:00 Odolki lehiaketaren sari banaketa

15:00 Bazkaria herriko hainbat jatetxetan

17:00 haurrentzako jolasak Loinazko San Martin plaza azpian

Argazkia: gastromedia.es