Zazpi: gaztetutako historikoa

Donostiako erdialdean topatu dezakegun gastronomía tenpluetako bat dugu Zazpi jatetxexa. San Marcial kalean kokatua, urte asko daramatza kale horretako zazpigarren zenbakian kokatua. Itxita pasa dituen urte batzuen ondoren, aurten berriro ere martxan jarri da, indar eta freskotasun gehiagorekin, hori posible bada behintzat.
2014. urte honetako maiatzaren 7an zabaltzen zituen ateak berriro er Zazpik Maite Mujika eta Paul Arrillaga bikote gaztearen eskutik. Gazteak izango dira bai, baina esperientzia handia dute ostalaritza munduan. Maite, jantokia zuzentzen duenak, 17 urte zituenetik ari da lanean, besteak beste, Kixkurra, Pokara, Tribuna Norte, San Telmo eta Madrilgo hainbat establezimendutan. Paul, ordea, 16 urterekin hasi zen kazola artean bueltaka, eta Zazpira iritsi arte, Illarra, Mirador de Ulia, A Fuego Negro, Bokado Mikel Santamaria, Bokado San Telmo eta Okendoko sukaldeetan aritutakoa dugu.
Barran, miniaturazko sukaldaritza bikain bat dastatzeko aukera izango dugu, Paulek dioen bezala, martzianadarik gabekoa, pintxo, ano, sándwich eta entsaladek osatzen dute barrako gastronomía-eskaintza, non helburu nagusia, ogia bustitzea den.
Pintxoetan, hestekiek protagonismo handia dute, belarri gisatua edo isats ravioli krematsuaren gisako pintxoekin; bi hauekin batera dasta ditzakegu hirugihar kuboa, hemengo produktuekin prestaturiko errezeta japoniarra; eta arrautza+urdaiazpikoa+patata+trufa pintxoa, bikaina; urdaiazpiko miniekin ahaztu gabe, D.O. Guijuelo urdaiazpiko iberikoarekin egiten dituztenak. Pintxoekin batera, goxo-goxoak dira denboraldiko produktuekin prestaturiko anoak ere, hala nola, Nardinen hegaluze bentreska morroi piperrekin, begihandi frijituak, frantziar patatak alioliarekin, eta kroketak, zortzi kroketa, lau urdaiazpikoarenak eta beste lau Idiazabal gaztarenak.
Pintxok bereziak badira are bereziago dira akaso sandwitxak. Horiek prestatzeko tramenzzini ogia, moldeko ogi italiarra, erabiltzen dute, azala kenduta eta horizontalki moztua. Aukeraren artean aurkituko ditugu: oilaskoa guakamole eta parmesanoarekin; urdaizpikoa, ahuntz-gazta, rukula eta tomatea; eta txerri azpizun iberikoa, gazta, mostaza eta tipulinarekin. Ez zaizkie atzean geratzen entsaladak, besteak beste, etxean marinaturiko izokina eta salteaturiko barazkiak edo hegaluzea, piparrak, tomate cherry eta ogia daramatzana.
Eguerditan Zazpin eguneko plateraren eskaintza bikain bat dastatzeko aukera izango dugu. Bertan, hiru plater ematen dizkigute aukeratzeko, lehen plater bat (lekaleak, barazkiak, arroza, pasta), arrain bat eta haragi bat. Bi persona joanez gero, bi plater aukeratu eta bien artean banatzeko aukera badago. Etxean eginiko platerrak dira, denboraldiko eta merkatuko platerrekin prestatuak eta egunero aldatzen dituztenak.
Eguneko platerrean aurkituko ditugunen artean daude: ontto arroz krematsua, denboraldiko barazkien panachea, babarrunak bere sakramentu guztiekin, krabarroka panadera patatekin, legatza saltsa verdean txirlekin, entrekota, arkume txuletilak edota masailak.
Aipamen berezia merezi du azkenburukoen karta, non bi diren protagonista nagusiak: sagar errea, edalontzi batean zerbitzatua gazta, esnegain eta azahar ur tanta batzuekin eginiko krema eta crumbleaz lagunduta; eta karamelizaturiko fruituen torrada, non protagonismo handia duten denboraldiko fruitu freskoek, pina eta meloia tarteko. Luxuzko bi postre hauekin batera aurkituko ditugu arrozesnea, txokolatezko coulanta edo mandarina sorbetea cavarekin.
Zazpira gerturatuz gero, guneko gomendioengatik galde ezazue, bertan kartan eta eguneko platerrean aurkituko ez ditugun platerrak dastatzeko aukera izango dugu, adibidez hegaluze gorria udaran.
Gaztetutako historiko bat, non euskal sukaldaritzaz gozatuko dugun. On egin!

Izena: Bar Restaurante Zazpi

Helbidea: San Marcial 7 (Donostia)

Telefonoa: 943506767

Itxi: Igandea

Jantokia: Bat 20 pertsonentzat / Terraza bat 20 pertsonentzat

Salneurria: Karta 25€ / Eguneko platerra 7€