Zazpi: Merkatua, produktua eta gozatzera.

Zarautz bisitatzeko egiten dugun paseo eta ibilbide orok, bere atsedena behar du, pilak kargatu, indarrak hartu eta herriaz gozatzen jarraitzeko. Guk Kale Nagusian egin dugu geldialdia, bertakoak eta bisitariak gastronomiaz gozarazten bertan urte asko daramatzan toki goxo batean. Bere ibilbide luze eta arrakastatsuan, urrats berri bat eman du iragan urriak 14 geroztik, Josu Flores, Dario Ruiz eta Joselu Gonzalezekin batera.

Jou eta Joselu, bere osabak zuzentzen dituen Bide-Bide jatetxe eta tabernetan aritu ostean, Zarautzko Zazpi jatetxean lur hartu dute, Donostiako Alde Zaharrean duten La Montanera by Kota 31 jatetxearen arrakastari esker, non iragan maiatzaren 2tik ari diren bertakoak eta bisitariak gozarazten. Abentura berri hau, Dario Ruizekin, Zazpiko sukalde-burua, batera hasi dute, eurekin aritutakoa Donostian eta gainera, Aloña Berri, Londres Hotela, Urepel eta Juanito Kojuan lanean aritutakoa. Bere alboan, Luis Yulec, Martin Berasategui, Atari, Akelarre eta Mil Catasen ibili dena Zazpira iritsi aurretik.

Zazpin, merkatuko sukaldaritza bikain batekin gozatu dezakegu, non produktuak diren protagonista nagusi. Horretarako, herriko produktuak erabiltzen dituzte, produkzioa kontrolatuz eta produktore txikietara joz. Guzti hori, bezeroa mahaiean eseri eta zer jaten ari den erraz asmatu dezan, bertako produktuen zaporeari esker. Euren leloak argi uzten duen moduan: “Gure lurreko zaporeak”.

Zazpik eskaintzen digun kartan murgiltzen bagara, anoetan topatu ditzakegu galiziar erako olagarroa, Extremadurako ezkur urdaiazpiko iberikoa eta arrautz-hautsien platerkadak, Beasaingo odolki, Landetako foie eta Eusko Label oilaskoarekin jan ditzakegunak. Lehenengo platerei dagokionez aipatzekoak dira Euskal baserri tomatea eta kantauriko antxoa eta hegaluze entsalada, eta denboraldiko edo merkatuak momentuan eskaintzen dituen barazkiak, orburuak urdaiazpikarekin adibidez. Bigarren plater gisa dastatu ditzakegu bakailaoa pil-pilean, txerri-ukondo errea krema txuri eta entsaladarekin, eta entrekota Nafarroako pikilo piper gurinarekin eta patatekin. Bazkari edo afari bikain bati, ahalik eta amaiera onena emateko bidean aukeratu ditzakegu Zazpin egiten dituzten azkenburuetako edozein, hala nola etxeko izarra den karamelizaturiko torrada izozkiarekin eta coulanta izozkiarekin.

Plater bikain guzti hauek, jatetxeko upategian gordetzen dituzten edozein ardorekin busti ditzakegu. Ardoteka Goñiren aholkularitza izan dute ardo-karta osatzerako orduan, eta bertan, hainbat Jatorrizko Izendapen dastatzeko aukera emango digute, nahiz eta, %80a Nafarroa eta Arabar Errioxatik datorren. Hauekin batera aurkitzen ditugu txanpainak, kabak, borgoñako eta erriberako ardoak. Eta erne, dastatzen dugun ardoa erosteko aukera izango dugu, jatetxean zehar banatuak dauden apaletan aurkituko ditugun produktuekin batera. Horrela, gastronomiaren onenaz, gure etxeko goxotasunean gozatzeko aukera izango dugu.

Zazpik, esperientzia gastronomiko bikainak bizitzeko aukera ematen digu, “Food&land lovers” enpresarekin elkarlanean. Besteak beste, dastaketak, sukaldaritza ikastaroak, bodegetara bisitak, pintxo ibilbideak edota jatetxea hornitzen duten produktore txikiei bisitak antolatuko dituzte. Guzti hori, 6 puntu biltzen dituen manifestu bat jarraituz, zeinek, esperientzia eta jatetxeak jarraitu beharreko filosofia zehazten duen. Lehenenengo puntuak dio: “Gauza erraz eta egiazkoengatik egiten dugu apustu”.

“Eguneratutako tradizioa gustatzen zaigu”. Manifestuaren bigarren puntu honetan oso argi geratzen da ibili nahi duten bidea. On egin!

Izena: Zazpi

Helbidea: Nagusia 21 (Zarautz)

Telefonoa: 943132319

Jantokia: 60 pertsonentzat

Itxi: Osteguna

Salneurria: Karta 20-30€ / Eguneko menua 11,50€ / Asteburuko menua 19€ / Bezeroekin adostutako menuak

Diario Vascoren argazkia