Zelaia Sagardotegia tradizio eta kalitatearen sinonimo da, sagardogintzaren munduan erreferentzia, bai bere sagardo zein bere sagardotegiarengatik. Belaunaldiz belaunaldi biltzen joan den sagardogintza ohitura, baina beti filosofia eta ideia bera mantendu duena: bezeroari kalitate goreneko produktu bat eskaintzea.

1906. urte arte egin behar dugu atzera Gaincerain familia sagardoa ekoizten noiz hasi zen jakiteko. Guztia Hernaniko Martindegi auzoan kokatua zegoen Zelaia baserrian hasi zen, non Jose Antonio Gaincerainek etxerako propio zen sagardoa egiten hasi zen, baina bera izan zen bide luze eta arrakastatsu baten lehen harria jarri zuena.

Familiako bigarren belaunaldia, Joaquin Gaincerain, euren baserrian egiten zuten sagardoa saltzen hasi zen. Horretaz gain Zelaia sagardoa dastatzera gerturatzen ziren guztiei mokadutxo bat eskaintzen ere hasi zen.

Aldaketarik garrantzitsuena hirugarren belaunaldiarekin bizi izan zuten, Jose Antonio Gaincerainekin, zeineke pixkanaka-pixkanaka, 1975az geroztik, urratsak ematen joan zen sagardotegia martxan jartzeko, 2014ean familiako laugarren belaunaldiari lekukoa emanez.

Gaur egun Oihana, Maialen eta Jaione dira Zelaia kalitatearen sinonimo izaten jarraitzearen ardura dutenak, eta hala lortzen dute, baita lortu ere. Urtetik urtera aldakuntzak sartzen dituzte, nimiñoak badira ere, sagardoaren betiko tradizioa berritze aldera, adibidez, aurtengo denboraldi berrirako sortu dituzten ongietorri txartelak, non marrazkiz marrazki, urratsez urrats sagardotegiaren funtzionamendua azaltzen duten, gure gastronomiaren tenplu horietan bisitatzeak zer dakarren berekin.

Ongietorria jaso eta apaletatik edalontzi bat hartu beharra daukagu, kupeltegira gerturatu eta gure mahaiean kokatuko gaituzte, non ohitura jarraituz zutik bazkaldu edo afalduko dugun. Menu ederra sagardotan egositako txorizoarekin hasten da, familiako amatxok, Nati Sanchok, Zelaia Sagardotegiko tortilaren erreginak prestaturiko bakailao tortila zoragarri eta gozagarri batekin jarraituz.

Plater eta plater artean, kutixi eta kutixi artean kupelak bisitatzea ezinbestekoa da, beraien barrenean gordetzen diren zuku eta edari gozoekin gozatzeko. Menuan aurrera jarraitzen dugu bakailao frijitua piper berde eta tipularekin dastatzen, txuleta bikain batekin amaituz, parrilan errea eta gastronomia zaletu ororen gozagarri izango dena.

 

Amaitzeko ez dago gazta, irasagarra eta intxaurrak jatea bezalakorik, are gehiago, azkenburuko horri teila eta zigarrilo batzuk gehitzen badizkiogu ya, zerutik gertuago egongo gara. Aipagarria da ere nola Zelaia Sagardotegian sagardotegi menua osatzen duten platerretatik nahi duguna jan dezakegun, familiako kideak beti baitaude bezeroa entzun eta bere nahiei men egiteko, beti ere tradizioa, kultura eta betikotasuna mantenduz.

Hori guztia sagardo fresko batekin bustia. Aurtengoa sudurrean usain oso garbikoa da fruitu freskoaren ikutua duena eta edan erraza dena bere leuntasunari esker. Baina zuen egonaldia bertan egindako sagar muztioarekin ere lagundu dezakezue.

Hilabete baino gutxiago falta Zelaia Sagardotegiak 2015 txotx denboraldi honetan bere ateak itxi ditzan, oraindik garaiz zaudete bere sagardoa zuzenean kupeletik dastatzeko, baina ez zaitezte kezkatu urte osoan zehar izango baituzue bere sagardoa botilan edateko aukera, Gorenak zigilupean aurkituko duzue Penintsularen txoko askotan, non pixkanaka badoazen gure sagardoaren kultura ezagutzen.

Gozatu ezazue azken txanpa honetan Zelaia Sagardotegiaren tradizio, kultura eta kalitatearekin. Gozatu gastronomia onarekin txotxen erritmoan. On egin!

Izena: Zelaia Sagardotegia

Helbidea: Martindegi Auzoa 29 (Hernani)

Telefonoa: 943555851

Jantokia: Bat 150 pertsonentzat

Ireki: Txotx denboraldia: urtarrilak 22tik maiatzak 2ra / Astelehenetik ostiralera gauez eta larunbatean egun guztian

Salneurria: 30-35€