Zer onak zeuden asteartean, Astigarrako “Bero Gutxi” baserrian, Iñaki Dorronsoro eta Pako Etxeberriak, Iñaki&Jenny urdaitegi-harategia, dastatzeko eman zizkiguten txuletak.

Denak galdezka egongo zarete ea zer zuten berezia txuleta horiek. Euren jatorrian zen berezitasuna. Iñaki, 18 hilabetez zaintzen eta hezten aritu den Wagyu-Salers arrazako txahaletan zuten jatorria, Astigarragara gerturatu ginen 17 pribilejiatuk dastatu genituen txuletak. Wagyu arraza, Japoniakoa da jatorriz, “Kobe” ingurukoa, eta beraien haragia da hain preziatua dena. Horretaz gain, ezin ahaztu ere txahal hauei buruz esaten dena, Japonian ederki zaintzen dituztela, masaia, garagardo eta musika lasaiarekin.

Iñaki Dorronosorok, Wagyu arrazako zezen bat, Salers arrazako behi batekin gurutzatu du eta asteartean horren emaitza dastatzeko aukera ian genuen. Ez pentsa Iñakik masaiaka eta horrelakoak egiten zizkionik, egiten zuen zaintza berezi bakarra, artoarekin prestaturiko pentsu berezi bat ematea zen. Urriaren 1ean sakrifikatu zuen lehen Wagyu-Salers txahala, orain beste lau ditu bere zaintzan.

17 izan ginen haragi berezi hau dastatzeko aukera izan genuenak. Baina prestaketak ere izan zuen bere garrantzia, parrilan lanean, Ander Esarte, Donostiako Txuleta Jatetxeko eta azkeneko bi urteetan Parrilako Txapeldun Nazionala izandakoa, eta Juan Manuel Garmendia, Beasaingo Kattalin jatetxeko eta Euskal Herriko Parrila Txapelduna, izan genituen. Hauek izan ziren txuletak parrilan erretzeaz arduratu zirenak. Emaitza ezinhobea izan zen, haragia izugarria zegoen, zapore askorekin baina ohitua gauden txuletak baino zertxobait gozoagoa eta xamurra, jateko erraza egin zitzaigun guztioi.

Txuletak dastatu aurretik, Iñaki&Jenny urdaitegitik ekarritako jabali-burua, hegazti betea eta ahate betea dastatzeko aukera izan genituen, Pako Etxeberriaren seme, David Etxeberriak espreski prestaturikoak. Ahatea eta hegaztia betetzeko, prestaturiko txerri grasa, foie-gras eta trufa nahasketa bat erabili zuten, ederra. Hemendik gomendioa San Martinera gerturatu eta jaki eder hau erosi eta dastatzeko.

Bazkari bikainari ahalik eta amaierarik onena emateko, baserrian jasotako sagarrekin prestaturiko sagar-errea eta sagar-tarte gozo, bezain bikain batzuk dastatzeko aukera izan genuen.

Argazkia: Andoni Aleman