Nafarroako Huarteko Arte Garaikidearen Zentroan dago kokatua Abako Taberna Jatetxea, bisitatu beharreko lekua pintxoaren eta sukaldaritza ona gustoko duen ororentzat.

Bi anai taberna-jatetxea zuzentzen, Jesus eta Luis Antonio Iñigo. 2008az geroztik ari dira bertara aperitiboa hartu edo bazkaltzera gerturatzen den oro sukaldaritzarekin gozarazten eta maiteminduarazten.

Suak gobernatzen maisua dugu Jesus, a zer zukua ateratzen dien kazola eta zartaginetan jartzen dituen produktuei. Kurrikuluma aztertzen jarriz gero konturatuko gara ez gaudela edonolako sukaldari baten aurrean, sukaldari gazte bezain handi batekin egin dugu topo, besteak beste, Zuberoa, Rodero, Arzak, El Bulli edo Akelarre jatetxeetan aritutakoa. 2008an ibilbide hori utzi eta berea propioa ibiltzeari ekin zion, Abaco martxan jarriz bere anaia Luis Antoniorekin batera. Azken horrek jantokia zuzentzen du eta barra baten atzean darama 18 urte bete zituenetik. Bikote honek lortu du Abaco Iruñea inguruko sukaldaritza erreferentzietako bat bihurtzea.

Tabernara sartu eta dugun lehen aukera da bertan kokatuak dauden sofa erosoetan eroso jarri eta eskaintzen dizkiguten pintxo goxo zein ikusgarrietako batekin gozatzea. Miniaturazko sukaldaritzan erreferente den taberna baten aurrean gaude, ez soilik Nafarroan, baita Euskal Herri osoan zehar ere, horren erakusgarri taberna ikusgai jarria duten 2012ko Euskal Herriko pintxo txapeldunaren txapela. Horren ondoan, 2010, 2013 eta 2014ko Nafarroako txapeldunaren tituluak.

Momentuan prestatzen dituzten 15-20 pintxoren eskaintza dute, guztiak bikainak, gozagarriak. Horien artean aipatzekoak Arroka-sardina (Nafarroako 2014ko txapelduna), Antxoa-esponja (Euskal Herriko 2012ko txapelduna), boniatoa, Huarteko patata minak, Airbaga (Nafarroako 2013ko txapelduna) eta otarrainxka brika.

Urratsa eman eta jantokian eseriz gero, mahaian autore sukaldaritza ikusgarri bat jango dugu, baina Nafarroako sukaldaritzaren erroak eta sustraiak oso presente dituena, euskal eta kataluniar sukaldaritzak albo batera utzi gabe, bi lurralde horietan Jesusek eginiko egonaldien ondorioz.

Kartan murgildu aurretik gure eta Abacoren gomendioa da dastatze menuarekiko apostua egitea, horrek Jesusen sukaldaritza bere osotasunean gozatzeko aukera emango baitizue. Menua hori urtean zehar hiruzpalau aldiz aldatzen dute. Momentu honetan bertan honako platerrek osatzen dute dastatze menua: etxeko bi mokadutxo; txangurro eta tomate zuku entsaladila; patata tortila tipula-krema eta orburu txipekin; momentuko legatza saltsa berdean. berberetxo eta muskuiluekin zerbitzen duten legatza bat da eta zerbitzariak saltsa berdea eta perrexil liofilizatua momentuan zerbitzen dizkizu; txerrikume mozketa mango chutney, espezie ogi eta iberiko mahonesarekin; eta pina eta koko ravioliak marakuiarekin. Plazerra da menua dastatzea gastronomia onaren zale ororentzat.

Menu horretaz gain, kartan ere plater zaporetsu hauek esakintzen dizkigute: txipiroi arroz kurruskaria bere tintaren capuccinoarekin; otarrainxka, romesco eta ganba teila entsalada; arroka arrain eta ganboi gorriaren suqueta; abakando boloñesaren kaneloia bere saltsarekin; arkume besoa patata txipekin; saiheski iberiko lakatua aza raviolia, hirugihar eta fruitu-lehorrekin; karamelizaturiko brioche torrada txufa zoparekin; eta txokolatezko eta kakahuete kongitoa.

Dastatze menuaz eta kartaz gain eguneko menu bikain bat ere eskaintzen digute, arrakasta handia duena bezeroen artean. Aukeratzeko sei lehen plater, sei bigarren eta sei azkenburuko.

Guk argi daukagu sanferminetan eguerdi batean Huartera eskapadatxoa egingo dugu Abacoko pintxo eta sukaldaritzarekin gozatzeko. On egin!

Izena: Bar Restaurante Ábaco

Helbideaa: Zubiarte z/g Huarteko Arte Garaikidearen Zentroa (Huarte/Nafarroa)

Telefonoa: 948855825

Jantokia: Bat 45 pertsonentzat

Itxi: Igande gaua eta astelehena

Salneurria: Karta 45€ / Eguneko menua 23€ / Dastatze menau eta asteburuetako menua 37€