Aldasoro Taberna: hestekiak Ordizian

Aldasoro taberna, bizi osoko Ordiziako taberna dugu, Urdaneta kalean kokatua, alde zaharretik metro gutxira. 70 urte baino gehiago daramatza zabalik jatetxeak, baina aurreko jabeen erretiroaren ondoren, 2011ean, Juanjo Martinez de Rituertok hartu zuen tabernaren jabetza, tabernaren estilo-propioa mantentzeko ideia argiarekin.

Juanjok bapatean erabaki zuen ostalaritzaren munduan sartzean. Bere aurreko lanak egitera behartzen zituen bidaiekin aspertuta, hau utzi eta Aldasoro Tabernaren jabe egitea erabaki zuen. Bere kabuz ikasitako sukaldaria dugu, Goierri aldeko elkarte gastronomikoetan ibilbide luzekoa. Sukaldaritza beti izan da bere pasioa, sukaldatzea maite du, eta hau argi geratzen da jantokian bere sukaldaritzarekin gozatzeko prestatzen garenean. Baina Juanjo ez dago bakarrik, Mari Jose Dominguezen profesionaltasuna du lagun jantokian.

Aldasoro Tabernan euskal sukaldaritza tradizional batekin gozatzeko aukera izango dugu; azken finean, hau da Juanjok bizi osoan elkarte gastronomikoetan landu duena, baina, horretaz gain, plater bakoitzari bere ikutua ematen saiatzen da. Baina tabernaren sukaldaritza eskaintzan berezitasun bat badago, hori hestekiekin prestaturiko platerrak dira, jatetxe honetan betidanik eskaini direnak. Sukaldaritza mota hau ez da oso ohikoa inguruko jatetxeetan, eta horrek bihurtzen du berezi Aldasoro.

Aldasoroko kartan murgilduz gero, sarrerakoetan eskaintzen dizkigute denboraldiko barazkien parrilada romescu saltsarekin; kristal piperrak hegaluze bentreska eta tenperatura baxuan erretako arrautzarekin; bieira eta ganba krepea porru eta txakolin saltsarekin; eta zanburinak foie eta te berdean marinaturiko belarriarekin.

Arrainei dagokionean, honako platerrak dastatzeko aukera izango dugu: era ezberdinetan prestaturiko bakailao freskoa, pikilo-piper saltsarekin, pil-pil erara, edota plantxan salteaturiko barazkiekin; legatza plantxan panadera-patata eta erregainarekin; lupina labean erregainarekin; zapo koroak plantxan barazki-brotxetarekin; eta bieirak plantxan, udare eta tipula mermeladaren gainean.

Aurretik, Aldasoro Tabernan prestatzen dituzten hesteki platerrak goraipatu ditugu, baina zeintzuk dira plater horiek? Hezurrik gabeko txerri-eskuak kalabazinean bilduta eta plantxan eginiko foiearekin; txahal-buztan, sagar eta patata-pure hostopila, ardo beltz saltsarekin; eta txahal-muturrak barazki-saltsan. Hauekin batera kartan aurkituko ditugu behi-txuleta, behi-entrekota xerratutako txanpinoi eta pikilo-piperrekin; eta sekretu-iberikoa denboraldiko-fruitu eta salteaturiko barazkiekin.

Azkenik, etxean egindako azkenburuko sorta ederrarekin egingo dugu topo kartan, horien artean, mamia, flana, natilak, arrozesnea edo Aldasoron betidanik egin izan duten gazta-tarta, betiko errezeta mantentzen du Juanjok.

Juanjo ez da soilik tabernako lanean oinarritzen, bertatik kanpo eramateko platerrak ere prestatzen ditu, Ordiziako elkarte gastronomikoetara eramaten dituenak tarteko, beti dago edonor laguntzeko prest.

Taberna berezi baten aurrean gaude, non euskal sukaldaritza tradizional bikainaz gain, hestekiak oinarri dituzten plater gozoekin gozatzeko aukera izango dugu, hau guztia, sukaldaritza maite duen pertsona baten eskutik. On egin!

Izena: Aldasoro Taberna

Helbidea: Urdaneta 27 (Ordizia)

Telefonoa: 943880023

Itxi: Igandea

Jantokia: 1 45 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 11€ / Asteburuko menu berezia 25€ / Karta 25-30€