Aste honetan Renteriara egin dugu eskapadatxoa, bertan, herriko erdigunean Aralar Tabernako kutixiekin esperientzia gastronomiko bikain bat bizitzeko zortea eta aukera izan dugu. Bizi osoko taberna dugu Aralar, baina 2014ko abenduaren 3an aldaketa bizi izan zuen, Eneko Sorzabal eta Aitor Sotok hartu zuten tabernaren ardura. Aurrera ateratzeko Igone Elizondo eta Hectorren laguntza dute ere.

Bi gazte horiek berriro ere elkarlanean jarri dira herri bereko Landaren lan egin ostean, baina ostalaritza munduan esperientzia handikoak dira. Eneko Zegamako Ostatuko, Zizurkilgo Ostatuko, Izkinako, Anoetako eta Illarrako sukaldeetan aritutakoa da. Aitor, aldiz, Esnaola Tabernan, Federikon eta Portun lanean ibilitakoa da.

Aralar Tabernan etxeko sukaldaritza batekin gozatzeko aukera izango dugu, mimo eta maitasun handiz prestatua eta pintxo, ano, ogitarteko, etabar, eskaintza zabal bat aurkituko dugu, era informal eta lasai batean hartzekoa. Horrekin batera astean zehar merkatuaren joan-etorriarekin aldatzen den eguneko menu bat dastatu dezakegu, baita asteburuetakoa ere. Hau da, aitzakia gutxi dago Renteriara ez joan eta Aralarreko barra eta sukaldaritzarekin ez gozatzeko.

Barra dugu tabernako punturik indartsuenetako bat, pintxo beteriko barra bat, niri pertsonalki gustatzen zaizkidan horietarikoa, eskuinetik-ezkerrera, ezkerretik-eskuinera, begiratu eta oraindik ere zer hartu erabakitzen uzten ez dizuten horietarikoa, atentzioa deitzen dutenetarikoa, denek itxura eder askoa baitute.

Pintxo aukeraketaren artean mantendu nahi izan dituzte Aralarrekin ikur direnetako batzuk, frijituak adibidez, Olivia, gazta, hirugihar eta ganba frijitua, eta Popeye, baratxuri, ganba eta ziazerba kroketa. Bi horiei batzen zaizkie masailak perretxikoekin; Aralar Txipiroia, bere adar eta tintaz beteriko txipiroia, tipula eta piper berdearekin, tosta bero baten gainean eta txipiroi mahonesarekin lagunduta; ganba txitxiburruntzia pikilo saltsarekin; foie plantxan sagar purearekin; eta legtatz arrautzak. Badira egunak non legatz edo bakailao pintxoak aurkitu ditzakegun.

Anoei dagokionez azpimarratzekoak dira arrautza apurtuak urdaiazpiko, foie eta patatatekin; olagarroa galiziar erara, oso arrakastatsua eta denon gozamenerako izaten dena; eta horiekin batera ohikoak izaten direnak kalamarrak, patata minak edo ali-oliarekin, etabar.

Sukaldaritzako eskaintzarekin aurrera jarraituz aurkituko ditugu plater konbinatuak, hala nola, solomo, urdaiazpiko, gazta eta piper berdearena; arrautza frijituak iberiko eta patatekin; mingaina saltsan edo aldarbatua; edo bakailaoarena. Baina ere badugu platerra nahi dugun bezala antolatzeko aukera. Batzutan menuko platerren bat edo beste topatu dezakegu.

Tostak ere bikainak dira bai Tumaka iberiko, tomate eta oliba olioarekin, zein Aralar antxoa, hegalabur eta piparrekin, ogitarteko formatuan ere prestatzen dutena. Ogi eta ogi tartean ere aurkitu ditzakegu haragi egosia tomate edo perretxikoekin; perretxiko, gazta eta hirugiharrarena; eta rokefort, perretxiko eta antxoa arrautzopila. Horiei guztiei gehitzen zaizkie hanburgesa eta sandwichak.

Aipatzeko bakarrik geratzen zaigu entsalada sorta eder eta goxoa, azpimarratzekoak, gula, ganba eta txipiroiena; tomate eta ahuntz gazta entsalada epela baratxuri oliozpinarekin; bakailao-entsalada, letxuga bouquet, eskalibada eta konfitaturiko bakailaoarekin; pasta eta oilaskoarena; eta entsalada mixtoa. Ezin zait ahaztu eramateko prestatzen dituzten paella eta fideuak.

Hori guztia etxean eginiko azkenburuko sorta eder batekin amaituta, horien artean, flana, sagar tarta, gazta tarta edo yogur krema.

Ezin artikulua amaitu eskaintzen dituzten enuak aipatu gabe, bai egunekoa zein asteburuetakoa. Menuetan eskaintzen dituzten platerren ideia bat egin dezazuen duela bi asteburuko menuan honako plater hauek izan ziren: babarrun beltzak, fideua mixtoa, bakailaoz beteriko piperrak eta gazten entsalada lehenengo platerretan; eta arkumea alabean, ganba eta gulekin beteriko legatzak, redondoa saltsan eta bakailao frijitua piperrekin bigarren platerretan.

Ez dago aitzakiarik eguzkia edo euria dela ere Renteriara gerturatu eta Aralar Tabernako sukaldaritzarekin gozatzeko. On egin!

Izena: Aralar Taberna

Helbidea: Madalen Kalea 13 (Renteria)

Telefonoa: 943084404

Jantokia: Bat 25 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Eguneko menua 10€ / Asteburuko menua 15€