Arteaga: natura eta sukaldaritza

Bailara batean murgilduta, mendiz inguratuta, Arrasatek, herria inguratzen dituen baserri dexente ditu. Horietariko bat dugu Arteaga, Uribarri lautada osoa gobernatzen duena. XV. mendean eraikitako baserri bat dugu hau, Gautegiz-Arteagatik etorritako familiek eraikia. Boste mende hauetan zehar baserriak familia bereko bederatzi generazio ezagutu ditu.

Gaur egun, Maider Larrañaga eta Igor Ezpeleta bikoteak dute Arteaga Landetxearen ardura. Bikoteak, Oñatiko Ostalaritza Eskolan egin zituen ostalaritza-ikasketak. Jarraian, inguruko Garagarza, Elizondo, Iturritxo eta Bastarralden lan egiten aritu ostean, Arteaga baserrira iritsi eta bertako gidaritza hartu zuten.

Sei logela dituzte landetxean, horrek asteburuko egonaldi ezinhobe bat pasatzeko aukera ematen digu, are gehiago, opor gun hauetan. Aspaldian askaltegia zena, gaur egun, inguruko gastronomia erreferentzia bihurtu da, Arrasate ingurura gerturatzen den edozein gastrofanen peregrinazio leku bihurtu delarik.

Gaur egun Arteagan euskal sukaldaritza tradizionala dastatzeko aukera izango dugu. Bertan, produktuen berezko denboraldia errespetatzen dute, horri esker, produkturik freskoenekin prestaturiko platerrak eskaintzen dizkigute. Gainera, sukaldean prestatzen dituzten errezeta guztiei euren ikutu propioa ematen diote.

Arteagako kartan murgilduz gero, sarrerakoetan aurkituko ditugu: itsaskien entsalada epel gozo bat; etxeko txorizo frijitua, baserrian bertan egiten duten kutixi bat; edota antxoak, kalitate handikoak eta orain, antxoaren denboraldian gauden honetan, dastatu gabe utzi ezin ditugunak.

Arrainetan izarra legatza frijitua dugu, nahiz eta itsasotik hainbat kilometrotara egon, jatetxe honetan borobildu egiten dute plater hau, legatza bere puntuan eta arrautzeztatu oso fin batekin aurkezten dute; baina ez zaizkio atzean geratzen bixigua parrilan eta bakailaoa labean.

Kartan aurrera jarraituz gero, haragiei dagokionez, parrilan erretako behi-zaharraren txuleta bikaina dastatzeko aukera izango dugu (nola dominatzen duten parrila Arteagan!); txahal-masailak saltsan, bikainak; edo isats gisatua, gure sukaldaritzaren betiko errezeta hau ez da oso ohikoa aurkitzen gure inguruko jatetxeetan.

Azkenik, azkenburuko-sorta ederra ere aurkituko dugu, guztiak etxean eginak, adibidez, natilak, gazta-tarta, intxaur-tarta mahaspasekin eta arrozesnea.

Jatetxeaz gain, berritze-lanekin batera, duela lau urtetatik ardoteka bat ere badute. Bertan, 200 ardo-erreferentzietatik gora aurkituko ditugu, mundu osoko 40 jatorrizko izendapenetatik ekarriak, guztiak prezio egokian.

Arteaga Landetxean asteburu bikain batekin gozatzeko osagai guztiak aurkituko ditugu: natura+sukaldaritza+instalakuntza bikainak. On egin!

Izena: Arteaga Jatetxea

Helbidea: Arteaga Baserria – Garagartza Auzoa 37 (Arrasate)

Telefonoa: 943711881

Itxi: Inoiz

Jantokiak: Bat 100 pertsonentzat / Ardoteka bat 35 pertsonentzat / Erreserbatu bat 20 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 18,50€ / Karta 40€