Ashé: Aiako latinoamerikako erritmoa

Aste honetan Urola Kosta bisitatu dugu. Bertan, Orio eta Aia batzen dituen errepidean, Santiago-Erreka Aiako auzoan, Ashe Taberna topatzen dugu, lehen Sega jatetxea zegoen tokian. 1970. urtean jarri zuten martxan Sega, Vicente Huegun eta Begoña Bengoetxeak. Inguruko sukaldaritzaren erreferentzia izan zenak, ibilbide berri bati ekin zion iragan ekainean, izen aldaketarekin bai, baina bertan eseriko diren guztiak gozarazteko prest.

Abentura berri honetan, Ashe, Tati Guerra argentinarrak eta Juan Jose Roig kubatarrak zuzentzen dute. Bikote honek 10 urte daramatza gure artean eta esperientzia handia du Gipuzkoako Ostalaritzan. Zarauzko hainbat establezimendutan aritu dira lanean. Gau-Txorin hasi ziren lanean; handik Aurrerara, non bi urte pasa zituzten; gero Pagoeta zuzendu zuten 5 urtean, azkenik Asheren abenturari ekiteko.

Asheren sukaldeko eskaintza egoerara, krisira, egokitutako sukaldaritzan oinarritzen da, poltsiko guztiek onartzen dutena. Euskal sukaldaritza tradizionala da, gure lurrean daramatzaten urtetan ikasitakoaren islada, baina hori bai, euren lurreko sustraiak ahaztu gabe, ikutu argenitar eta kubatarrak emanez platerrei.

Karta aztertzen hasten bagara, sarrerakoetan aurki ditzakegu Ashe entsalada-epela, itsaski eta plantxan eginiko ahuntz-gaztaz egina; bakailao entsalada-epela; ganbak baratxuriekin edo lur eta itsaso nahaskia.

Arrainei dagokionez aipatu behar ditugu zapoa parrilan; legatza, itsaskiz betea edota plantxan bere olioerrearekin; eta urraburua bere olioerre eta patatekin.

Eta Asheko sukaldaritzarekin gozatzen jarraitu dezakegu haragien eskaintzarekin. Horien artean aurki ditzakegu txuleta parrilan, idi azpizuna, idi saiheskia edota arkume errea, azken hau beti eskatu beharko dugu aurretik.

Eta bazkariari ahalik eta amaierarik onena emateko, eskaintzen dizkiguten etxean eginiko postreetako edozein aukeratu dezakegu, besteak beste, gazta, sagar edo limoi-krema tartak; arroz-esnea; krema-katalana; yogurta; edo mamia.

Ez dugula jantokian eseri nahi, ez kezkatu, sukaldaritza informal bikain bat jateko aukera izango dugu Asheko terraza edo tabernan, non hanburgesa, bokadilo, plater konbinatu eta ano eskaintza zabala aurkituko dugu. Bertako platerren bat aipatu beharko bagenu, bypass hanburgesa aipatuko genuke, hanburgesa hirukoitz bat, ausartzen denarentzat erronka handi bat dena; high-class hanburgesa, foie, tipula karamelizatu eta saltsa gozoarekin; playero bokadiloa, almandrogilak tomatea eta patata frijituekin osatutako otarteko ikusgarria (tamainarengatik); Estrella ogitartekoa, urdaiazpiko, gazta, perretxiko eta piper berdearekin; Euskal Herria plater konbinatua, bi arrautza frijitu, entsalada, patata eta bezeroaren gustoko haragiarekin; napolitar platera, napolitar saltsa, urdaiazpikoa eta gazta dituen eskalopea labean egina; p4 patata anoa, 4 gazta, bacon eta gratinatuak zerbitzatzen direnak; edo urdaiazpiko ano bikaina 6€tan.

Ashez gozatzeko egun bat izan liteke datorren abenduaren 31a. Data berezi hori baliatu dute, buffett moduko kubatar afaria dastatzeko aukera izango dugu, zuzeneko musika eta djak girotuta. Jarraipena, kotiloiean izango du afariak. Informazio gehiago jasotzeko, onena jatetxera deitu eta urtezaharreko festa honengatik galdetzea duzue.

Jatetxe historiko bat ezagutzeko aukera daukagu, baina ibilbide berri bati ekin diona, izen aldaketa eta pilak kargatua. Gozatuko duzue. On egin!

Izena: Ashé Bar-Restaurante

Helbidea: Santiago-Erreka 29 (Orio-Aia Errepidean)

Telefonoa: 943835311

Jantokia: 1 120 pertsonentzat / Terraza 1 50 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Karta 25-30€ / Eguneko Menua 10€ /Asteburuko menua 17-25€