Bidebide La Antigua: menu eskaintza zabala

Zumarragan aurkituko dugu ermiten katedral deitzen duten la Antigua, 1366. urtean eraikitako gure lurraldeko kultur-ondare garrantzitsuenetako bat. Tenplua bisitatzera gerturatzen bazarete, ermitaren ondoan kokatua dagoen Bidebide La Antiguan, bazkari goxo batekin gozatzeko aukera izango duzue. Jatetxe honek, Zumarragako Udalaren emate bat dena, irailaren 4ean zabaldu zituen ateak.

Josu Flores, Garbiñe Alkiza eta Enrique Niñok zuzentzen duten establezimendu berri honek, aurretik zabaldutako Bidebide jatetxeek hasitako arrakastaren bidea jarraitzen du. Tolosako Usabal Kiroldegian duela 7 urte zabaldu zuten lehen Bidebide hartatik, hauek beti izan dira janari onaren seinale, horren adibide garbi ditugularik Donostian San Jeronimo, Legazpi eta Urbieta kaleetan zabaldurik dituzten hirurak.

Bidebide La Antiguan, euskal eta bertako sukaldaritza tradizional batekin gozatzeko aukera izango dugu, non protagonista nagusienak ditugun inguruko produktuak. Sukalderako produktuak inguruko baserritar eta ekoizleei erosten dizkiete, gastronomia esperientzia bikain baten seinal izaten dena beti. Alde batetik, entsalada, ogi-txigortu, hanburgesa eta plater nahasien eskaintza dugu, eta bestetik hitzartutako menuen aukera zabala.

Bidebide La Antiguak aurrez eskatu beharreko 13 hitzartutako menu desberdin eskaintzen dizkigu. Menu horietan eskaintzen dizkiguten platerak aztertzen jarri ezkero, sarrerakoetan aurkituko ditugu, aukeratzen dugun menuaren arabera beti ere, gula eta otarrainxka entsalada epela; ahuntz-gazta, fruitu-lehor eta ezti entsalada; ontto-krepeak, itsaski kremarekin; edota frijitu aukera.

Arrainen eskaintzari dagokionez, bertan topatuko ditugu lupina patatekin, zapoa labean, legatza labean edo bakailao errea piperradarekin. Haragiei dagokionez ordea, dasta ditzakegu entrekota patatekin, baserriko oilaskoa labean, ahate-konfita, azpizuna barazkitxoekin, patatekin edo foierekin, txerrikumea edo arkumea.

Azkenburukoen artean, denak etxean eginak, aurkitu ditzakegu yogurt-mousse eta pasio fruitu tarta, goxua, krema eta esnegainaz beteriko ijito-besoa edota krema hostorea.

Beste alde batetik, txorizo egosia eta salda bezalako pintxo; pan tumaca eta urdaiazpikoa edo lau gaztak ogi-txigortuak; uraza desberdinekin, konfitaturiko ahuntz gazta, Modena gozokia, cherry tomatea, mahaspasak eta intxaurrekin prestaturiko La Antigua bezalako entsalada; hirugiharra, gazta, bularkia, arrautza frijitua, tomatea, mahonesa eta patatak dituen Antigua bezalako sandwich; txekor haragia, gazta, hirugiharra, perretxikoak, arrautza frijitua eta patatak dituen hanburgesa; urdaiazpikoa, gazta eta perretxikoak dituen bezalako otarteko; edota txerri-ukondoa patatekin edo almandrogilak, arrautza eta patatekin bezalako plater nahasiekin goza dezakegu. Azkenik, sukaldaritza informalaren omenaldi honi ahalik eta amaiera onena emateko, eskaintzen diguten etxeko azkenburuetako edozein aukeratu dezakegu, besteak beste, ogi-torrada bere izozkiarekin, kataluniar tarta izozkia edo flana, esnegaina eta kafe helatua

Bidebide La Antigua, gure lurreko produktuekin gozatu eta gure herrialdeko txoko berezienetako bat ezagutzeko toki paregabea. On egin!

Izena: Bidebide La Antigua

Helbidea: Soraiz Auzoa 48 (Zumarraga)

Telefonoa: 943720930

Jantokia: 1 130 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Karta 10€ / Eguneko menua 12€ / Asteburuko menua 25€ / Hitzartutako menuak 22-43€