Chalcha: sukaldearekiko pasioa

Eibarko udaletxetik gertu, 200 metro eskaxera, dago Chalcha jatetxea, herriko jatetxe historikoetako bat eta 1934az geroztik zabalik dagoena.

2012ko maiatzean iritsi ziren Chalchara Amaia Agirre eta Joseba Bergara. Josebaren kurrikuluma aztertzen hasiz gero, konturatuko gara, gaztea bai, baina esperientzia handiko sukaldaria dugula berau, sukaldean dominatzen jaioa. Leioako Ostalaritza Eskolan ikasi ostean,  Makatzeka, Garai, Boroa, Gaig (Barcelona), Zuberoa, Martin Berasategui eta Akelarre jatetxeetan aritu da lanean, besteak beste.

Gastronomia txoko honetara sartu bezain pronto tabernarekin egingo dugu topo, beraiek Bistro Chalcha deitzen dutena. Bertan, euren sukaldaritza era informalago batean dastatzeko aukera izango dugu, gure sukaldaritza tradizionaleko hainbat plater eskaintzen dizkigute: txirlak saltsa berdean, hegalabur bentreska oliozpinarekin, parrilan eginiko bakailao entsalada, ardo txuritan gisatutako txanpinoiak, txipiroiak tintan, erretako ahate magreta, edota flana kafe izozkiarekin.

Jantokiari dagokionez, Chalchako sukaldean euskal sukaldaritza tradizionala prestatzen dute, etxean egina, gure ama, izeba edo amonek egiten zuten bezala. Tradizioa oinarri hartuta, plater batzuetan aurrerapausoak eman eta euskal sukaldaritza garatu nahi izaten dute, baina beti tradizioa errespetatuz. Bi dira Chalchako izarrak: parrila eta denboraldiko produktuak.

Betiko errezetak, bizi osoan prestaturikoak, horiek dira kartan aurkituko ditugunak. Adibidez, sarrerakoetan dastatzeko aukera izango dugu: ontto risottoa foie-grasarekin; etxean eginiko pasta freskoa perretxikoekin eta foie-grasarekin gisatua; brasan eginiko olagarroa galiziar erara, lehenengo egosi eta ondoren parrilan egiten dutena (bikaina!); Ondarroako portuko arrainekin prestatutako, arrai-zopa; edota izugarriak eta finak diren urdaiazpiko iberikoko kroketak, foie ikutuarekin.

Arrainei dagokionez, Chalchako itsasoko erregea parrilan eginiko legatza saltsa berdean, txirla eta kokotxekin dugu, ikusgarria da brasak ematen dion ikutu berezi hori. Baina ez dira atzean geratzen zapoa, legatz-kogotea edota bakailao brasan, azken hau piperradaz lagundua. Itsasoko produktuei egiten zaien omenaldi xume honekin amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi legatz kokotxak, brasan, arrautzeztatuak edota saltsa berdean dasta ditzakegunak.

Haragia gustoko dutenei esan behar diegu bikainak direla Luismiren txuleta eta azpizuna, lehenengoa parrilan egina eta bere guarnizioarekin zerbitzatua, eta bigarrena ere parrilan egina baina foie-gras edo guarnizioz lagunduko dugun aukeratu beharko genuke. Aipatu beharreko beste platerretako bat dugu Errioxako ardoan gisatutako txahal masailena. Baina benetan berezia eta aho-bete-hortz utziko zaituen platerra bizkiatar eran prestaturiko tripaki eta muturrak dira, betiko errezeta jarraituz prestatuak.

Kartaren atal gozoenean aurkituko dugu etxean eginiko azkenburuko sorta eder bezain goxoa. Aurretik eskatu beharreko hiruak dira etxeko izar nagusiak: euskal-pastela izozkiarekin, sagar-tarta izozkiarekin, edo txokolatezko bizkotxo likidoa izozkiarekin. Hauekin batera aurkituko ditugu euskal sukaldaritzako azkenburuko tradizionalak, hala nola, pantxineta, arrozesnea eta torrada.

Aipamen berezia egin behar dugu upategiari buruz. Joseba eta Amaiak munduko txoko askotatik ekarritako ardoen aukeraketa zaindu eta berezi bat eskaintzen digute, ardoa maite duen ororen gustu eta gozamenerako.

Bistro edo jantokia, taberna edo jatetxea, egin behar duzuen gauza bakarra da Eibarrera gerturatu, Chalchako ateak gurutzatu eta bere sukaldaritzarekin gozatzea. On egin!

Izena: Restaurante Chalcha

Helbidea: Isasi 7 (Eibar)

Telefonoa: 943201126

Itxi: Asteazkena

Jantokia: Bat 30 pertsonentzat / Bat 14 pertsonentzat / Nagusi bat 45 pertsonentzat

Salneurria: Karta 40-45€ / Chalcha menua 35€ / Arrate menua 45€