Elkanok lortu du bere izarra

Urteak zeramatzan jendearen ahotan Elkanok merezi zuela Michelin Gidako izar bat jasotzea, baina urtea joan eta urtea etorri gastronomiaren munduan hain preziatu den gida gorriak ez zion saria ematen jatetxe getariarrari. Hara non 2014. urtea iritsi arte. Elkanoren historia luze eta oparoan hain berezia izan den urtean jaso du bere lehen Michelin Izarra.

50. urteurrena du aurtengoa, 50 urte parrilarekin jolasten eta gozarazten, 50 urte betiko euskal sukaldaritza babesten eta bultzatzen, 50 urte parrilaren mundua iraultzen. 50 urte pasa dira Pedro Arregik Elkano martxan jarri eta lehen arrainak parrilan erretzen hasi zela, azala eta guzti, hura iraultza izan zen hori gara hartan! Erreboila parrilan eta baita legatz kogotea, zer litzateke gure gastronomia bi kutixi horiek gabe? Eskerrik asko Pedro!Zoritxarrez urte hasieran zendu zitzaigun Pedro, baina ziur dagoen lekuan egonda ere gaurkoan txanpain botilak zabaldu eta zabaldu arituko dela, hainbeste lanaren saria eta ordaina jaso baitzuen berak osrtu eta hazten ikusi zuen jatetxe hura.

Pedro gabe, jatetxeak aurrera jarraitu du, Aitor Arregi, semea, buru duela. Uztailean jarri zuen martxan Elkano Txiki, Elkano kokatua egon zen lehen leku berean, historia berreskuratu dute. Aitorrek irakasle ezin hobea izan du, baina bere bidea egiten jakin du, pertsona gutxi ezagutzen ditut euren ofizioa hainbeste bizi eta maite dutenak eta pasio hori trasnmititzen dutenak. Zorionak Aitor eta Elkano posible egiten duzuen pertsona guztiak!

Urtea amaitzera doan honetan, eta espero ez zutenean, sari potoloa, Michelin Gidaren lehen izarra. Hori bai albiste bikaina gaurko egunari ekiteko, albiste bikaina euskal sukaldaritzarako, are gehiago, betiko euskal sukaldaritzarako, Getariarentzako, Getariako arrantzaleentzako, Arregi familiarentzako, eta orohar gipuzkoar guztiontzako, biztanleko Michelin Izar gehien dituen eskualdea izaten jarraituko dugu. Gora gu ta gutarrak!

Gipuzkoako izardun jatetxeen zerrendak bere horretan darrai, Elkano batu ostean: hiru izarrekin Arzak, Akelarre y Martin Berasategui; birekin Mugaritz; eta bakarrarekin Zuberoa, Miramon Arbelaitz, Alameda, Mirador de Ulia eta Kokotxa.

Atzo ospatu zen 2015ko Michelin Gida berriaren aurkezpena Marbellan. Ez zen sorpresa handirik eman eta hiru Michein Izardun jatetxeek, euren hiru izarrak mantentzen jarraitzen dute: Arzak, Akelarre, Martin Berasategui, Azurmendi, El Celler de Can Roca, Sant Pau, Quique Dacosta eta DiverXO.

Bi izar dituzten jatetxeen zerrendan berri bat gehitu zen atzokoan, Angel Leonek Kadizeko El Puerto de Santa Marian duen Aponiente jatetxea. Badute nolabaiteko lotura Elkano eta Aponientek, biek ala biek, itsasoarekin lotura handia dute, bertako produktuak gutxik bezala ezagutzen dituzte. Angel Leonek itsasoko sukaldaritzan aitzindaria izan dugu, eta inork erabili gabeko produktuak erabili ditu, adibidez, plantona. Askok eredutzat dute sukaldari andaluziarraren sukaldaritza, jarraitzaile asko ditu, eta atzokoan bere urtetako lanaren ordaina jaso zuen bigarren Michelin Izarra eskuratuta. Gogoangarria da Intxaurrondoko Gastronomia Astera egindako bisita. Zorionak Angel Leon eta Aponienteko tripulazio guztia.

Aponienterekin batera bi izar dituzten jatetxeak honako hauek dira: Dani García, Casa Marcial, M. B., ABaC, Enoteca, Lasarte, Moments, Miramar, Les Cols, Atrio, El Club Allard, La Terraza del Casino, Ramón Freixa Madrid, Santceloni, Sergi Arola, El Portal de Echaurren eta Mugaritz.

Atzokoan 19 jatetxek jaso zuten euren lehen izarra, horien artean, Elkanoz gain, Bilboko Aizian jatetxea. Katalunia, 50 izarrekin, dugu izar gehien dituen Autonomia Erkidegoa; Madrilek jaso zituen atzokoen Michelin Izar berri gehien.

Zerrenda, gida eta sari asko ematen dira gastronomiaren munduan, askok polemika sortzen dute, baina dudarik gabe Michelin Gida dugu entzutetsuena eta oihartzun handiena izaten duena, eta beste urte batez, argi geratu da euskal sukaldaritza munduko sukaldaritzen goi-mailan kokatua jarraitzen duela, munduko onenetarikoak garela, txikiak izango gara tamainaz, baina handi lorpenetan. Bejondeiela hori posible egiten duten sukaldarit guztiei.